Elkarrizketa

«Garrantzitsuena dena eman duzunaren sentsazioa da»

Imanol Garcia Landa 2021ko aza. 24a, 11:59

Intza Elizalde tolosar gazteak ez zuen espero aurten hainbat alditan podiumera igotzea Espainiako lehiaketetan. Maila horretako txapelketak ikasteko aukera direla azaldu du.

Intza Elizalde eskalatzaile tolosarrak 14 urte besterik ez ditu, baina dagoeneko 16 urtez azpiko mailan Espainiako hainbat txapelketatan emaitza nabarmenak lortu ditu. Uztailean, Overall eskalada txapelketan hirugarren postua lortu zuen. Irailean, zailtasuneko kopako Bartzelonako proban ere hirugarren izan zen, eta urri bukaeran, Iruñeko Rocopolisen, abiaduran txapeldunorde, blokean laugarren eta zailtasunean seigarren izan zen.

Noiz hasi zinen eskalada egiten?

Gutxi gorabehera zortzi urterekin hasi nintzen Tolosako kiroldegiko rokodromoan. Denbora pasa bezala hartu nuen hasieran, kirol honetara lotu arte.

Eta lehiaketetan parte hartzen?

Uste dut nire lehen txapelketa hamar urterekin izan zela, Nafarroako Soka & Block-en.

Espainiako txapelketako emaitzez gain, aurten ze beste emaitza lortu dituzu?

Euskadiko txapelketan, 16 urtez azpikoan, bi modalitateetan lehiatu dut: sokan bigarren postua lortu nuen eta abiaduran lehenengoa. Adin horretan, Lizarrako bloke txapelketan bigarren izan nintzen.

Zer suposatzen dute zuretzat Espainiako lehiaketetan lortutako emaitzak?

Niretzat Espainiako txapelketa bat izugarrizko aukera da ikasteko, hobetzeko eta baita disfrutatzeko ere. Emaitzak beti dute pisua, eta azkenean horrek ere asko motibatzen zaitu, baina nire ustez garrantzitsuena sentsazioa izaten da. Dena eman duzunaren sentsazioa. Espainiako txapelketetan maila handia dago, eta denboraldi hasieran esango balidate gerora lortuko nituen emaitzak, ez nuke sinistuko. Baina motibazioa eta esfortzuarekin lortu daiteke.

Non entrenatzen duzu?

Hasieran Tolosan entrenatzen nuen, baina azkenengo urte honetan Donostian. Tolosako kiroldegiko rokodromoaren instalazioak oso eskasak dira ongi entrenatzeko eta horregatik Donostiako The Factory Boulder rokodromoan entrenatzen dut. Tolosan 2005ean rokodromoa egin zenean, itxura polita zuen, baina ez praktikoa. Orain arteko urteetan Tolosan entrenatzen genuen hainbat gazte, orain Ordizia, Iruña, Oñati edo Donostiara goaz kalitatezko tokien bila. Zumardia, Oargi eta Alpino Uzturrek batera egin dute eskaera, eta ea udalak erantzuna ematen dion eta Tolosan fundamentuzko azpiegitura bat osatzen duen.

Zer klub edo taldekoa zara?

Tolosan geundenak lehiatzen hasi ginenean, Hatz10 taldea sortu genuen. Donostiara joan ginenetik, CVC Elkartea - The Factory Boulder taldeko partaide gara.

Nola izaten dira entrenamenduak?

Astelehenetik ostiralera, hiru aldiz dut entrenamendua, eta asteburu askotan beste egun bat egiten dut txapelketarik ez badut. Zailtasuneko denboraldian erresistentzia lantzen dugu, batzuetan sokarekin eskalatuz, eta besteetan trabesiak eginez. Blokeko denboraldian denetik lantzen dugu, kasu honetan The Factory-n instalazio nahikoa dugu hau ongi entrenatzeko. Abiaduran, ordea, pareta jakin batean eskalatzen denez, hau entrenatzeko Iruñeko Rocopolis rokodromora joan behar izaten dugu. Normalean urtean zehar gutxien entrenatzen dudan modalitatea abiadura izan ohi da, izan ere, txapelketak gutxitan izaten dira.

Zure taldean eskualdeko zein beste eskalatzaile daude?

Hatz10 taldean zazpi neska gara. Irati Zabala entrenatzailea, Oiartzungoa, Garazi Gurrutxaga irurarra, Iune Lahidalga zizurkildarra, Maddi Agirre ordiziarra, Udane Mujika elduaindarra eta Ane Garcia donostiarra.

Rokodromoan aritzeaz gain, gustatzen zaizu arrokan eskalatzea?

Asko gustatzen zait arrokan eskalatzea, nahiz eta, txapelketen ondorioz nahi bezain beste ez aritu. Hala ere, udara honetan arrokan ibili naiz gehien bat. Leku berriak ezagutu ditut eta gogotsu nago hainbat proiektu berri probatzeko. Espainiako txapelketak jada bukatu direnez, ea hartzen dudan tartea horientzako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!