Olentzaroren basoa bisitatzeko aukera izango da abenduaren 17tik 23ra

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 25a, 09:33

20 pertsonako taldeekin egingo dira bisitak 17:30etik aurrera, eta azken bisita helduekin egingo da; azaroaren 27an Antxon Bandres bidaiarien txokoan eman beharko da izena, eta abenduaren 1etik aurrera 'online' egin ahalko da.

Zumardia elkartea, Tolosako Udalaren laguntzarekin, Elosegi parkea atontzen ari da, Olentzaroren basoa herritarrei zabaldu eta bertara bisita antzeztuak egiteko. Abenduaren 17tik 23ra egingo dituzte ordubete iraungo duten ibilaldiak, 20 pertsonaz osatutako taldeetan, eta 17:30ean hasita. Aurtengoan, berritasun moduan, azken bisita, 20:10ean hasiko dena helduei zuzendutakoa izango da.

Zumardiatik esan dutenez, "Eguberria ate joka dugun honetan, Olentzaroa, basoetan, mendietan, giroan... edonon ageri zaigu, natura bera delako Olentzaro, naturaren gorabeherek iragartzen digutelako Eguberria". Horregatik ari dira Elosegi parkea prestatzen, "Olentzaroak berezkoa duen soiltasuna egitura eta argiztapen xumez jantziz".

Bisitek Eguberriaren zentzua berreskuratzea dutela helburu azaldu du Zumardiak; "kontakizunean, eguzkiak neguko solstizioan duen lekua izango da ardatz nagusia, eta honi loturik, usadio zaharrak gogoratuko ditugu, zeintzuk naturaren menpeko herri nekazari baten beharrei erantzuten dien. Aldi berean, garai haietan bereziki emakumeek egiten zituzten lanen garrantzia bistaratu nahi dugu".Hori bai, ez dela Olentzerorik egongo gogoratu dute, "baina bertan dauden elementuek, etengabe, milaka begi dituela gogoraraziko digute".

Aurtengo berritasunetako bat da azkeneko hitzordua helduei bakarrik zuzendurikoa izango dela; baina ez da nobedade bakarra izango, kontakizun eta ibilbidean ere zenbait aldaketa txertatu baitituzte.

Bertan parte hartzeko izena eman nahi duenak, larunbatean, azaroaren 27an izango du horretarako aukera aurrez aurre,Tolosako Antxon Bandres bidaiarien txokoan. Goizean 11:00etatik 13:00era eta arratsaldean 16:00etatik 19:00etara egin ahalko da. Abenduaren 1etik aurrera, berriz, online eman ahal izango da izena, Zumardia.eus web orrian.

Sarrera doakoa izango den arren, elkartasun kutxa egongo da irteeran eta borondatezko ekarpen ekonomiko bat eskatuko zaio bisitari bakoitzari.  Bertan lortutako dirua Aita Mari Itsas Salbamendu proiektuari emango diote, "zeinak lan bikaina egiten duen Mediterraneoan bizi den krisi humanitarioari erantzuna emanez".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!