Bertsoa eta Zirkua uztartuko dituen saio berezia antolatu dute elkarlanean Harituz Bertsozale Elkarguneak, Gure Zirkuak eta Galtzaundi Euskara Taldeak. Publiko desberdinari bideratutako bi emanaldik osatuko dute ikuskizuna, eta ahozko inprobisazioa eta zirkuko diziplina desberdinak uztartuko dituzte bertsolariek eta Gure Zirkuko artistek.
Abenduaren 11n izango dira emanaldiak, Tolosako San Esteban auzoan kokatutako Gure Zirkuko karpan. 12:00etan haurrei eta gaztetxoenei begirako ikuskizuna eskainiko dute Gure Zirkuko artistek eta Tolosaldeko hiru bertsolarik: Oihana Iguaranek, Unai Mendizabalek eta Haritz Mujikak. Haurrentzat eta gaztetxoentzat bideratutako saioa izango da, bai gaiak eta bai emanaldiaren iraupena haietara egokituko baitira. Gai-jartzaile lanetan Iker Iriarte eta Imanol Artola ariko dira.
18:00etan, berriz, helduenei zuzendutako emanaldiaren txanda izango da. Maddalen Arzallus, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Julio Soto ariko dira kantuan, Gure Zirkuko artistekin batera. Arratsaldean ere Iker Iriarte eta Imanol Artola arduratuko dira bertsolariei nahiz zirkuko artistei gaiak jarri, eta bertsoak eta zirkua uztartzeko bideratze lana egiteaz.
Ikuskizun berezian bertsoak eta zirkua elkartzeaz gain, haurrentzat zein helduentzat bideratutako saio banak osatuko dute eguneko egitaraua, bertsolarien inprobisazio eta errimatze gaitasuna, zirkuko arte diziplina desberdinekin nahastuz.
Bi emanaldietarako sarrerak presentzialki soilik eskuratu ahalko dira. Azaroaren 27an jarriko dira salgai, 10:00etatik 12:00etara Galtzaundi Euskara Taldearen Tolosako egoitzan eta Villabonako Subijana Etxean. Goizeko emanaldiko sarrerek 5 euroko prezioa dute eta pertsona bakoitzak, gehienez, bost sarrera eskuratu ahal izango ditu. Arratsaldeko saiorako sarrerek, berriz, 13 euroko prezioa dute eta pertsona bakoitzak, gehienez, bi sarrera erosi ahal izango ditu. Galtzaundikideek deskontua izango dute arratsaldeko saiorako eta 10 euroan bina sarrera eskuratzeko aukera izango dute.