ELKARRIZKETA

«Lasai hasi eta erritmo biziagoekin amaitzen da»

Irati Saizar Artola 2021ko aza. 27a, 07:57

Askatasun egoera bilatzea eta bere burua irekitzea helburu, Nirbana izeneko bigarren diskoa kaleratu du Jon Tolosa Nikotinak; zortzi abestik osatzen dute lana.

Kalean da Nikotinaren estudioko bigarren lana: Nirbana. Txikitan rapa entzuten eta egiten hasi bazen ere, reggae eta dancehall estiloetan mugitu da Jon Tolosa (Tolosa, 2000) musikaria bere azken lanean. Bizipen pertsonaletatik abiatuz, gizarteko gaur egungo gaiak ere jorratu ditu musikari tolosarrak. Behin diskoa esku artean izanda, kontzertuak emateko gogoz agertu da. 

Nirvana, definizioz, askatasun egoera bat da, desirak eta norbere kontzientzia ezabatzean lortzen den egoera. Zure diskoak egoera hori biltzen du?

Baietz esango nuke. Bizitzako etapa ezberdinez hitz egiten du, baita bakoitzak dituen beldurrez ere. Disko honetan jendeak bere burua irekitzea bilatzen dugu, askatasun egoera hori bilatzea, bere burua piztea eta egunerokotasunetik urruntzea.

2018an atera zenuen lehen diskoa. Zer aldatu da lehenengotik bigarrengora?

Gehien aldatu dena nire esperientzia izan da. Lehenengo diskoa atera ondoren kontzertu asko eman genituen eta esperientzia hartzeko ondo etorri zitzaigun. Ondoan izan dudan jendeak ere asko erakutsi dit; besteak beste, nire taldekideak edota lagunak diren Juantxo, Keif, Martin, Stepi... jende asko eduki dut laguntzen. Gaiak ere aldatu ditugu eta estiloak ere izan du aldaketa. Estilo ezberdin asko sartu ditugu disko honetan.

Nola deskribatuko zenuke disko berria? 

Bizitasun puntu bat badauka, baina prozesu baten modukoa da. Lasaiago hasi eta erritmo biziagoekin amaitzen da. Lehenengo abestitik azkenekora aldaketa bat dago, bai erritmoan eta baita gaietan ere.

Zertaz hitz egin nahi izan duzu? 

Bizipen pertsonalak kontatu ditut, eta edonork dituen zailtasunak edo ezinegonak ere kontatzen dira. Gizarteko gaiak ere aipatzen dira, klase ezberdintasuna, esaterako. Eta badago dantzagarriagoa den abestiren bat ere, dantza pixka bat egiteko.

«Nire abesteko modua raperoa da, baina melodia gehiago erabiltzen ditut; nik uste orain reggae eta dancehall gehiago egiten dudala rapa baino»

Eta erosoen zein gaiekin aritzen zara? 

Momentuaren araberakoa dela esango nuke. Batzuetan zerbait dantzagarria egiteko gogoa izaten dut, eta beste batzuetan gai sozialez aritzea gehiago gustatzen zait. Momentuko nire egoera nolakoa den aldatu egiten da, gorputzak eskatzen didana egiten dut, bizitzako fase horrek eskatzen didana.

Inspirazioa barrutik datorkizu beraz.

Bai barrutik, eta ingurutik ere bai, ikusten ditudan gauzek eragina izaten baitute. Arreta jartzen diot gaur egungo panoramari, berriak jarraituz, eta nire ingurukoengan ere jartzen dut begirada.

Eta lekuari dagokionez, non nahiago duzu idaztea?

Denetarik. Normalean, etxean gustatzen zait gehien, lasaiago nagoelako agian, baina entsegu lokalean, eskolara bidean autobusean ere bai lehen, eta edozein lekutan izan daiteke. Inspirazioa etortzen zaizunean, aprobetxatu beharra dago eta inspirazioa edozein lekutan izan dezakezu; adi egon behar da horrelakoetan, errimek ez aldegiteko.

Apunteak non hartzen dituzu?

Etxean, entsegu lokalean edo estudioan banago, koaderno batean apuntatzea gustatzen zait. Baina inspirazioak beste nonbait harrapatzen banau, mugikorrean edo ahal dudan lekuan egiten dut. 

Rapa entzuten eta egiten hasi zinen, baina reggae eta dancehall estiloak ere bereganatu dituzu. 

Nire abesteko modua raperoa da, baina melodia gehiago erabiltzen ditut. Nik uste orain reggae eta dancehall gehiago egiten dudala rapa baino. Abesteko klaseetan hasi nintzenean, melodiak gehiago kontrolatzen ikasi nuen eta gogoko dut reggae edota dancehalla egitea.

Non grabatu duzu diskoa? 

Bad Sound Systemeko Stepi Selektahrena den estudioan grabatu dugu, Irunen, lehenengo diskoa bezala, eta disko honetan berak egin ditu grabaketak, masterrak, baseak eta instrumentalak ere bai.

Eta zer moduzko esperientzia izan da estudioko lana? 

Oso ona. Produktorearekin sekulako konfiantza daukat eta estudioan gaudenean beti bakarrik egon gara edo Martinekin batera. Gure munduan sartzen gara eta beraiekin konfiantza handia dudanez, oso eroso sentu naiz. Agian etxean baino erosoago, haiek ondoan izanda.

'Kondorraren hegaldia' abestiak oihartzun handia izan du. Espero zenuen halakorik?

Hasieran ez hainbeste. Egia esanda, beste abesti bat neukan buruan aurrerapen moduan ateratzeko. Managerrak esan zigun, ordea, abesti horrek booma izan zezakeela, agian ez genuelako orain arte hain abesti raperorik egin. Gainera oso pertsonala da, landutako bideoklip bat ere egin genuen eta nik uste funtzionatu duela.

Zerk inspiratu zaitu abesti hori idazteko?

Nire munduan sartu nintzen, eta nerabezaroko etapatik orain arteko prozesua bilatu nuen: ze zailtasun izan ditugun, bizitako egoera ezberdinak, bizitzan ditugun beldurrak. Iluntasun horretatik askatasun edo poztasunerako bidea kontatzen dut, errepikak hori irudikatu nahi du.

Atzera salto eginda, noiztik duzu harremana musikarekin? 

Lehen kontaktua Lehen Hezkuntzan izan nuen. Bertsolaritza klaseak izaten genituen eta gustuko nuen bertsoak idaztea eta abestea. Hortik hasi, eta ondoren rapa entzuten hasi nintzen, baita beste estilo ezberdinak ere. Hobby bezala hartu nuen, nire munduan nengoenean egiten nuen edota lagunekin nengoenean. Eta momentu bat iritsi zen, Ziribulio kolektiboarekin hasi eta modu serioan hartu nuena.

Inoiz pentsatu duzu zergatik txikitan rapa aukeratu zenuen?

Agian nahi duzuna adierazteko erraztasun gehiago ematen dizulako. Ez da bakarrik melodiak aurkitzea, pop-aren kasuan bezala; zure pentsamenduak ondo azaldu ditzakezu, eta protesta bezala ere estilo ona da. Gero zabaltzen joan zitzaidan eremua eta egun estilo ezberdinetan nabil.

Zure ibilbidean zehar Juantxo eta Martin Arakama anaiekin behin baino gehiagotan ikusi zaitugu. Erreferenteak dira zuretzat?

Bai, zalantzarik gabe. Lehen kontzertuetan haiengatik hasi nintzen, Otsabi auzo elkartean elkartzen ginen lehen, eta ikusten zuten gogoa neukala, eta lehen momentutik sekulako laguntza eskaini zidaten, eta gaur egunera arte. Askotan esaten dut, beraiek gabe ez nintzatekeela hemen egongo.

Nikotina dagoeneko bada norbait. Ondo daramazu geroz eta ezagunagoa izate hori?

Eszenatokian ez nagoenetan burua hortik urruntzen saiatzen naiz, eta bai, ondo daramat. Batez ere ikusten dudalako egiten dudana jendeari gustatzen zaiola, eta horrek animatu egiten nau honekin jarraitzera.

Nikotina izena, nondik dator?

Lagun batekin nengoela etorritako ideia bat izan zen. Jendeak uste du tabakoarengatik hartu izango nuela izen hori, baina nik bere efektuagatik hautatu nuen. Nire musikak efektu hori izan zezan nahi nuen, jendea harrapatu zezan. Eta gainera 'k' hizkiarekin idatzi nuen, euskaraz nahi nuelako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!