A-partekoak

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Karrera Garcia 2021ko aza. 28a, 20:58

Hamasei urte dira irakasle lanetan hasi nintzela. Denbora horretan LOGSE, LOE, LOMCE eta LOMLOE aho-korapiloa diruditen lege horiek guztietatik igaro naiz (ez dizkizuet gogorarazi nahi nire ikasle garaiari dagozkionak, iritzia emateko tarterik gabe geratzeko arriskua baitut). Begi bistan da, hauteskundeekin batera eta gailentzen den alderdiaren arabera, lau urteren bueltan lege aldaketa dagoela.

LOMLOErekin erlazionatutako azken asteetako berria DBHko iraileko errekuperazioak ezabatzen dituen errege-dekretua izan da, ebaluazio jarraitua indartu nahi duena. Horren arabera, DBHko ikasleek mailaz pasatzeko aukera izango dute ebaluazio taldeak horrela kontsideratzen badu, gainditu gabeko ikasgaien kopurua edozein izanda ere.

Gaiak beste behin hautsak harrotu ditu eta aldeko eta kontrako iritziak azkar hedatu dira. Meritua, esfortzuaren kultura, ekitatea, bikaintasuna, porrota, gisako terminoekin lotuta gehienak.

Hasieran, diagnostikoek eta estatistikek ematen dizkiguten datuak zuekin partekatzea pentsatu dut, baina urte hauetako esperientziari esker ikasi dudana plazaratzea zilegiago izango daitekeela otu zait.

Ikastolan Gizarteratze zikloari dagokion Hezkuntza Laguntza ikasgaia lantzen dut; hau da, aparteko beharrak (a-parte) dituzten ikasleen eskolatzea ezaugarritzen duen ikasgaia. Egiten dudan lehenengo hurbilketa integrazioa eta inklusioaren arteko bereizketarena da, ez baitira gauza bera. Horretarako, Gauss kurba gogoratuz, naturala eta normala dena bereizten dugu: naturala naturan gertatzen dena besterik ez da, arraroa izan arren (ez-ohikoa, hots, a-normala); normala berriz, ugariena, gehiengoa ordezkatzen duena da (ohikoa). Horrela, norma den guztia naturala da, baina naturala dena ez du zertan normala izan behar.

Horrela, integrazioa banakoa normara egokitu dadin desabantaila indibidualak konpentsatzean datza, inklusioa berriz, ingurunearen egokitzapenean datza, banako guztiak, beren premiak edozein izanda ere, baldintza berdinetan garatu daitezen. Hezkuntza-premia bereziei buruz hitz egitean, testuinguruaren oztopoak ezabatzeaz hitz egiten du, eta ikasleen gaitasunetan jartzen du arreta, gabezietan jarri beharrean.

Puntu honetan nire ikasleak amesten jartzen ditut eskola inklusiboaren utopia irudikatu dezaten. Eskola bat non ikasle bakoitzak beharrezkoa duena izango duen, eskola bat non aniztasuna norma bihurtzen den, eskola bat non desabantaila normatik kanpo geratzen den… Burutazio hauetan geundela ikasle batek milioiaren galdera egin zidan: zer da zuretzako hezkuntza?

Niretzako hezkuntza konpromisoa da. Ikasleak formatzeko eta garatzeko duen eskubidearekiko konpromisoa. Edozein ikaslek merezi duen ibilbide arrakastatsua lortu dezan konpromisoa.

Niretzako hezkuntza konpromisoa da. Ikasleak formatzeko eta garatzeko duen eskubidearekiko konpromisoa. Edozein ikaslek merezi duen ibilbide arrakastatsua lortu dezan konpromisoa. Utopian sinisteko konpromisoa.

Euskal hezkuntza-sistema arautuko duen lege berria 2023rako espero dugu, guztion adostasunarekin, aukera a-parta benetako eskola inklusiboaren oinarriak eraiki ditzagun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!