Planillo baserriak eraman du sari nagusia

Ataria 2021ko aza. 20a, 15:30

XII. Euskal Herriko Frisoi Txapelketa egin da gaur Tolosako Ferialekuan, eta behi onenaren saria Cascanteko (Nafarroa) Planillo baserriak eraman du.

Guztira zazpi baserrik parte hartu dute:, Gipuzkoako Ondazarte Gain, Bizkaiko Murrieta, Casa Nueva, Ardeo, eta Nafarroako Garbiñe, Planillo eta Redin-Barberena. Gipuzkoako Frisoi Elkarteko lehendakaria den Kepa Urreagak gustura zegoen txapelketa egin ahal izan delako: "Hau prestatzen denbora dezente pasatzen dugu, eta hasieran nahiko seguru geunden egingo zela. Baina azkeneko egunetan nahiko duda izan dugu, baina baiezkoa esan digute eta ondo atera da". Urtero antzeko maila izaten dela azaldu du Urreagak. "Zerbait hobetzen joan da, baina esan daiteke maila igualtsua dela".

Txapelketa egiteaz gain, ganaduzaleen topaleku bihurtzen da. Bizi duten "egoera txarra" izan dute batez ere hizpide, Urreagak zehaztu duenez: "Beste guztiei bezala, argindarra, gasolioa eta plastikoaren gastua igo zaigu, baina horretaz aparte, pentsua ere ikaragarri igo da. Oso urte txarra pasa dugu, eta datorrenaren hasiera ez da batere ona ikusten, eta agian ukuilu batzuentzako bukaera bat izan daiteke, egoera oso txarra delako".

SARIAK

  • Sari nagusia, behien txapeldunen txapelduna: Planillo
  • Esnetan dauden 36 hilabete beherako behiak: Planillo
  • Esnetan dauden 3 eta 4 urte arteko behiak: Ardeo
  • Esnetan dauden 4 eta 5 urte arteko behiak: Casa Nueva
  • Esnetan dauden 5 urte gorako behiak: Planillo
  • 12 hilabete beherako txahalak: Ondazarte Gain
  • 12 eta 16 hilabete arteko txahalak: Planillo
  • 16 eta 20 hilabete arteko bigak: Planillo
  • 20 eta 26 hilabete arteko bigak: Ardeo
  • Bigen txapeldunen txapelduna: Ardeo
  • Ustiategi onena: Casa Nueva
  • Aberekineko zezenen alaba onena: Casa Nueva
  • Txapelketako errape onena duen behia: Casa Nueva
  • Maneiatzaile gazte onenak Andres Planillo (infantil) eta Javier Garcia (junior)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!