Amarotz auzoak plataforma berri bat du: Guk Amaroztaurrak. Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta, auzoko haurrentzat ekintzak dinamizatuko dituen talde berria aurkeztu dute eguerdian. Aurkezpenarekin batera, jolas ezberdinetan aritzeko aukera izan dute auzoko umeek. Azken hamarkadetan, haurrentzako ekintzetan jarri izan dute fokua auzotarrek. "Ez da zerbait berria, baina esfortzu ugari batzen ditu. Zor bat dugu beraiekin eta ez diegu huts egingo", adierazi du May Gorostiaga auzoko gurasoak.
Izan ere, auzoko zein inguruko eragile ezberdinek urteak daramatzate bertako haurrentzako ekintzak antolatzen. "Eskerrak eman nahi dizkiegu, eta gurekin batera gauzak antolatzen jarraitzeko gonbidapena luzatu nahi diegu", esan du. Aurrerantzean, beraz, plataforma berriak lagunduko du lan horretan. "Bada garaia esfortzu horri izena emateko", gaineratu du.
Amarozko haurrak pandemia garaian "ezinbesteko jarrera" izaten ari direla eta helduentzako "eredu" bihurtu direla nabarmendu du Gorostiagak: "Ahaztezina izan zen iazko apirilaren 27a. Itxialditik irten ginenean, haurren aldeko apaingarri eta pankartez bete ziren auzoko balkoiak. Argi dugu oso ezberdinak garela, baina oraindik argiago dugu gure haurrentzako onena nahi dugula eta merezi duten auzoa eskaini behar diegula".
Amarotz auzoko gurasoek ez dute zalantzarik egiten: "Bertako haurra bazara, auzoa maite baduzu, ekintzetan parte hartzen baduzu edo jolastera edo senideak bisitatzera etortzen bazara, Amaroztaurra zara. Edozein haur izan daiteke Amaroztaurra", adierazi du Laida Altuna gurasoak.
Orain hiru aste, Gau Beltza ospatu zuten auzoan. "Arrakastatsua izan zen, adin guztietako auzotarrak inplikatu zirelako. Orduan ohartu ginen zerbait berria sortzen ari zela auzoan, eta elkarrekin edozer egiteko gai izan gaitezkeela". Datozen asteetako ere, egitarau zabala prestatu dute:
Azaroak 20, larunbata (gaur)
17:00. Zikloia jaialdiaren barruan, Monika Arratibelen eta Maitane Aizpuruaren Ataungo kondairak saioa, Amarotzeko auzo-etxean.
Azaroak 28, igandea.
Oiartzunera txango gidatua. Hojarasca kultur elkartearen eskutik, Oihanlekuko crolech-a eta Aiako Harriak Natur Parkea bisitatuko dituzte. Datorren astean emango dute izen-emateen inguruko informazioa sare sozialetan.
Abenduak 4, larunbata.
Birakabareta 21 ikuskizuna, Topic-en. Zikloia jaialdiaren barruan, hainbat taldek parte hartuko dute ekitaldian: Pailaztana Junior (Amarozko antzerki taldeko haurrak), Pailaztana Klown Taldea (Amarozko klown taldea), Tolosako Numen dantza eskola eta Gorka Pereira, Imanol Suso eta Pablo Caceres (Zirkozaurre). Informazio gehiago, Intujairen webgunean.
Gabonetako kultur ekintzak
Datak zehazteke. Haurrentzako bi ikuskizun izango dira auzoan: Kattalin Salaberry eta Jokin Irungarayren Elekaren ipuin sorta eta Nerea Ariznabarretaren eta Mariano Hurtadoren Bertoko eta urrutiko ipuinak.