Tolosako EH Bilduk ospitale berriaren inguruan eman diren azken pausoetan ezin izan duela parte hartu salatu du. "EAJk eta PSEk une oro elkarlanaz, parte-hartzeaz eta kogobernantzaz hitz egiten duten arren, hartu berri duten erabakiak kontrakoa erakusten du beste behin ere". Koalizioak esan du azpiegitura berria eraiki ahal izateko, Tolosako Hirigintza Plana (HAPO) aldatu beharra dagoela, eta horretarako "legeak behartutako prozesu bat" jarri duela martxan Tolosako Udalak. "Bertan, talde eragilea sortu eta herritarren bi parte-hartze saio egingo dira, legeak eskatzen duen moduan. Udala ezinbestean behartuta dago gutxieneko parte hartze plangintza egitera".
Talde eragile horretan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Tolosako Udalak hartzen dute parte, eta EH Bilduk bertan parte hartu nahi du "EAJk adina zinegotzi izan eta osasun sistemaren inguruan modu adostuan lan egitea garrantzitsua dela sinetsita". Eskaera egin izan duela esan du koalizioak eta atzoko Udaleko Lurralde Batzordean ezezkoa jaso zuela nabarmendu du, "elkarlanari ateak itxiz eta azken hauteskundeez geroztik udalerriko lehen indar politikoa denari betoa jarriz". "Urteetan aritu dira EAJ eta PSE ospitale publikorik behar ez zela esaten. Azken udal hauteskunde kanpainaren amaieran, jarrera aldatu, eta Tolosako udal gobernua osatzen duten alderdiek urteetan EH Bildu zein Tolosaldeko eragile eta herritarren gehiengoaren eskakizuna ere barne bildu zuten: ospitale publiko berri baten eraikuntza. Orain, ulergaitza da EAJren eta PSEren erabakia, gutxieneko adostasuna baldin badago, EH Bilduk prozesuan parte hartzea eragoztea", gaineratu du.
EAJren gardentasun eza nabarmendu du EH Bilduk eta esan du oraindik ez dela publiko egin ospitale berriak gainerako eskualdeetako ospitaleen zerbitzu berdinak izango dituen ala ez. "Bestalde, Tolosaldeko alkateek behin eta berriro eskatu diote elkarlana eta interlokuzioa Osasun Sailari, baina erantzuna ezezkoa izan da. Eta gainera, Legebiltzarrean Osasun Sailburuari egin izan zaizkion galderen erantzunek, eraikiko den ospitale berriak gainerako eskualdeen zerbitzu berdinak emango ez dituenaren susmoa elikatzen dute". Horiek horrela, udalerriko nahiz eskualdeko alderdi guztien parte hartzea eskatu du, eta gehitu du orain arteko jarrerak EAJk ospitalearen aferan duen "jarrera itxia eta iluna" frogatzen duela. EH Bilduk erabakia birpentsatzeko eskatu dio Tolosako udal gobernuari.