Tolosako Udaleko langileak protesta astea burutzen ari dira; astelehenean hasi ziren, eta bihar emango diote amaiera. Aste osoan zehar, txaleko horiak jantzita ari dira lanean. Horrez gain, sinadura bilketa bat egiten ari dira langileen artean, gero, udaleko ordezkari politiko eta alderdietako ordezkariei helarazteko. Gaur eguerdian, beste ekintza bat burutu dute; elkarretaratzea egin dute udaletxe aurrean, "Murrizketarik ez!" mezua zabalduz.
Izan ere, udal gobernuak urteetan "erabateko adostasunez" ezarri diren hainbat neurrietan, esate baterako, erretiroa aurreratzeagatik ematen diren sarietan "murrizketak egitea erabaki duela" adierazi dute.
Bestetik, udal langileen postuen inguruko balorazioa amaitzeko lanak luzatzen ari direla nabarmendu dute: "Udal gobernuak balorazioa egiteko erabakia hartu zuen, eta zazpi hilabeteko epean amaitzea aurreikusita bazegoen ere, bi urte pasa ondoren oraindik erabat bukatu gabe daukate".
Azkenik, aspaldian bajak egon direla eta hutsune horiek ez direla behar beste bete azpimarratu dute. "Horrek lan baldintzak eta giroa erabat baldintzatzen ditu".