Babarrunaren lehiaketak bertan behera utzi dituzte

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 17a, 12:02
Babarrunaren Festako artxiboko irudia.

Tolosako Udalak larunbatean ospatzekoak ziren XXIX. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketa eta XXXIV. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoa bertan behera uztea erabaki du, Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren aurka hartutako neurri berria dela eta. Inauterien inguruan esan du momentuan momentuko erabakiak hartu behar dituztela eta pandemiaren garapenaren arabera hartuko dituztela erabakiak.

Eusko Jaurlaritzak COVID19aren aurka hartutako neurri berriaren aurrean, Tolosako Udalak zenbait erabaki hartu ditu, eta esan du larunbatean ospatzekoa zen Babarrunaren Festa bertan behera uztea erabaki duela. Olatz Peon alkateak nabarmendu du ez dela lehen aldia ekitaldiak bertan behera utzi behar izan dituztela pandemiaren ondorioz eta Tolosa Goxua, Mikologika, Haragi, edota Inauteriak aipatu ditu. “Tolosarren osasuna bermatzea da lehentasun bakarra” berretsi du, “bizitza baitago jokoan”. “Babarrunaren Eguna, festarako eguna izan ohi bada ere tolosarrontzat, aurten ere ez da festarik izango, neurri guztiak bermatuta antolatutako ekintza sinbolikoak ere ez dira gauzatuko zuhurtziagatik, eta horrexegatik, herritarrei ere erantzunkidetasunez eta ardurarekin jokatzeko eskatzen diegu guztion osasuna babesteko”. Zentzu horretan, alkateak gogorarazi du, musukoaren erabilera derrigorrezkoa dela bai barruan, eta baita kanpoan ere segurtasun tartea mantendu ezin denean.

Datozen egunetarako antolatutako ekintza guztiak indarrean dauden neurriak jarraituta antolatu direla gaineratu du era berean, baina eragileekin hitz egin eta gero adostasunez erabaki dutela larunbateko lehiaketak bertan behera uztea, "Osasun Sailaren agindu eta aholkuei erantzunez". Gauzak horrela, "zuhurtziagatik eta arduragatik", larunbatean Trianguloa plazan egitekoa zen Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketa ez dute egingo, eta ezta ere Alondegian egitekoak ziren eta Gure Kaiola elkarteak antolatzen duen Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoa. 

Izango dira hala ere, mantenduko dituzten jarduerak: larunbateko ohiko azoka, Nogën taldearen ostiraleko kontzertua, astelehenean Musika Bandak Xexili Eguna dela eta egitekoa den kalejira, azken honetan ordea ez dute geldialdirik egingo, eta azaroaren 28an Euskadiko Aizkolari Txapelketako Beotibarko saioa ere egingo da. Ekitaldi hauek guztiak unean uneko neurriak errespetatuz egingo direla gogoratu du udalak.

Tolosa eremu gorrian dagoela gogoratu du alkateak (100.000 biztanleko 530eko intzidentzia-tasa du) eta ondorioz neurriak hartu eta neurriak bete egin behar ditugula esan du. Zentzu horretan, neurriak zorrotz betetzearekin batera, txertoa dela gaitzari aurre egiteko tresnarik baliotsuena eta eraginkorrena adierazi du, “iaz baino egoera hobean gaude txertaketa kanpainari esker, biztanleriaren %90a txertatuta dagoelako, horregatik, uste dut ezinbestekoa dela txertaketa biztanleriaren %100era zabaltzea, txertatu gabeko herritarrei txertatu daitezen dei egiten diet, norberaren eta guztion osasuna bermatzeko”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!