Protesta astea ari dira egiten Tolosako Udaleko langileak

Ataria 2021eko azaroaren 17a

Udalean "urteetan eta erabateko adostasunez" ezarri diren hainbat neurritan udal gobernuak murrizketak egitea erabaki duela salatu nahi dute. Aste honetan txaleko horiak soinean dituztela ari dira lanean eta bihar elkarretaratzea egingo dute.

Tolosako Udaleko langile batzordeak protesta astean dagoela esan du. Aste honetan ari dira egiten eta salatu dute udal gobernuak hainbat murrizketa egin dituela. Egoeraren berri emateko elkarretaratzea egingo dute bihar, 12:00etan, udaletxeko atarian eta horrekin batera, aste honetan zehar txaleko horiak jantzita dituztela ari dira lan egiten. Era berean, langileen artean sinadura bilketa bat egiten ari dira udaleko ordezkari politikoei emateko.

Langile batzordeak esan du udal gobernuak murrizketak egitea erabaki duela urteetan "erabateko adostasunez" ezarri diren hainbat neurritan eta erretiroa aurreratzeagatik ematen diren sariak aipatu dituzte. Esan dute ere udal gobernuak lanpostuen balorazioa egitea erabaki zuela eta zazpi hilabetean bukatzea aurreikusi bazuen ere, bi urte pasa direla eta bukatu gabe dagoela salatu dute. Azkenaldian bajak egon direla eta hutsune horiek ez direla bete azpimarratu dute,  "horrek lan baldintzak eta giroa erabat baldintzatzen ditu", gaineratu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!