Odei Arregi «pozik», erremontean egindako debutarekin

Imanol Garcia Landa 2021eko azaroaren 16a

Odei Arregi, debuteko partidaren une batean. ORIAMENDI

Odei Arregi tolosarrak erremontean debuta egin zuen larunbatean, Hernaniko Galarreta frontoia, Oriamendi enpresarekin.

Arregik Goikoetxea V.arekin jokatu zuen, Zaldua anaien aurka 40-34 galduz. «Partida borrokatua izan zen. Hasieran parean joan ginen eta gero erdi aldean bost tantoko abantaila hartu genuen. Atsedena eskatu zuten eta horren ondoren tanto batzuk egin zituzten segidan, hainbat saketik, eta markagailuan alde egin zuten», esan du Arregik.

Debutaren bezperan eta egunean bertan nahiko urduri egon zela dio, baina partidan zehar egindakoarekin «pozik» geratu zela: «Lehiakor sentitu nintzen eta ikusi nuen gai naizela beraiekin jokatzeko». Bestalde, tolosarrak bereziki eskertu du bera ikustera joan zen jende pila: «Senitartekoak joan ziren, baita kuadrillakoak eta beste lagun asko ere, eta sekulako giroa jarri zuten».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!