El Altoko emakumeen borroka

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2021ko aza. 20a, 17:58
El Alto. URA ITURRALDE

La Paz departamentuan kokatua, El Alto, Boliviako hiririk populatuenetarikoa izateaz gain gazteenetarikoa ere bada, 1985. urtera arte auzo bat besterik ez baitzen izan. La Pazko erdigunea erreferentziatzat hartuta, geografikoki goialdean kokatua, munduko hiririk garaienetakoa da, itsas mailatik 4.150 metrora. Ekonomikoki oso txirotua eta iskanbilatsua, guztien gomendioa zen ni bertan bakarrik ez ibiltzea.

Ni halaxe joan nintzen ordea, goiz eguzkitsu batean, merkatua ikustera. Ez nuen inondik inora neure burua arriskuan sentitu, alderantziz, izugarri atsegina iruditu zitzaidan.

Ohiko moduan kamera eskuan neramala, emakume gazte bat gerturatu zitzaidan, Paty zuen izena. Berak kontatuta jakin izan nuen bertako emakumeen egoera, pixkanaka hobetzen ari den arren, ez dela erraza.

Emakumeak dira kaleetan salmentan aritzen direnak, umeak alboan dituztela soldata negargarri baten truke. Ez dute aseguru-medikurik ezta erretiro-planik ere. Ikasketak alde batera utzi behar izan dituzte eta seme-alabekin kalera irten, haurtzaindegia ordaintzeko dirurik ez dutelako.

Gaur egun ordea, El Alto hirian zenbait proiektu sortu dira egoera honi aurre egiteko. Eskolak antolatu dituzte emakume indigenentzat bertan ofizio bat ikas dezaten, dohainik. Gozogintza, joskintza ikastaroak… asko dira ematen zaizkien aukerak. Umeak haurtzaindegian utzita, ikasketak lasai burutu ditzakete beraien senarrek oztopatzen ez dituzten bitartean. Matxismoa ere arazo oso larria baita, ez bakarrik hirian, herrialde osoan. Milaka dira IHESa duten emakumeak, gehienak gainera gazteak, 15-24 urte bitartekoak. Bada lantalde famatu bat emakumeen alde borrokatzen duena. Joskintza irakatsi ondoren, produktuak Europan saltzen dituena dirua lortuz, aurre egin diezaioten bizi duten egoera larriari.

Paty, ezagutu berri nuen emakumea, zen eta egunotan ere bada, aipaturiko taldearen zuzendaria. Oinez gindoazen bitartean, Rosalia aurkeztu zidan, berak laguntzen zuen emakumeetariko bat. Bere amaren etxeko patioan zegoen ehuntzen, umea alboan zuela.

Senarrak alde egin zion haurdun zegoela jakitean, ordutik Rosaliak ia inongo baliabiderik gabe gaixo dagoen ama eta bere semea zaintzen ditu. Paty ezagutu zuenetik bere bizia ordea asko hobetu zela esan zidan, orain etxean bertan arropa ehuntzen soldata bat lortu duelako.

Paty ezagutu zuenetik bere bizia ordea asko hobetu zela esan zidan Rosaliak, orain etxean bertan arropa ehuntzen soldata bat lortu duelako

Emakume gehiago ezagutzeko aukera ere izan nuen, Rosa, Ruth, Veronica… Aurrera atera direnak Patyk sortutako gobernuz kanpoko erakundearentzat lan egiten. Nik argazkiak egin nizkien beraien webgunean zintzilikatu zitzaten.

Badakit oso ondo doakiela eta Europan arropa asko saltzen ari direla, gaur iritsi zaidalako nik ateratako argazki batekin eginiko postala eskerrak emanez.

Nik eskertu behar diet ordea El Altoko emakumeen egoera aurrez aurre ezagutzeko eman zidaten aukera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!