"Inoizko aurrekonturik indartsuena" aurkeztu du Tolosako udal gobernuak

Ataria 2021eko azaroaren 15a

34 milioi euroko aurrekontua aurkeztu dute, iazkoa baino %26 handiagoa; "inbertsioen eta jarduera berreskuratzeko urtea" izango dela esan dute, eta zerbitzuak indartzean eta estrategikoak diren proiektuen garapenean jarri dute indarra.

Zerbitzuak indartzea, Tolosa berrindartzea pandemia aurreko dinamismo, ekintzailetza eta jarduera berreskuratuz eta Tolosa hobetu eta eraldatuko duten proiektuak gauzatzea. Helburu horiekin aurkeztu du Tolosako udal bobernuak datorren urterako aurrekontu proiektuaren zirriborroa. 34.160.262 euroko aurrekontua da aurkeztu dutena, 2021 urtekoa baino %26,35 handiagoa.

Olatz Peon Tolosako alkateak adierazi duenez, “etorkizunari heltzeko eta anbizioz jokatzeko unea da” eta ildo horretatik,  aurrekontu proiektu “indartsua”, aurkeztu du udal gobernuak. 2022 urtea “inbertsioen urtea” izango dela azpimarratu du alkateak, “biziberritzea eta errekuperazioa sustatzeko eta legealdiko konpromisoei erantzuteko”. 

Begoña Tolosa ogasun saileko zinegotziak azaldu duenez, aurrekaririk gabeko aurrekontua da: “Diru laguntza guztiak mantenduko dira, batzuk areagotu ere egin ditugu esaterako ikastetxeei bideratutakoa, herriko kirol, kultur, euskara, hezkuntza eta gizarte alorreko eragile, talde eta elkarteen lana babesteko” . Bestetik, udal zerbitzuen egitura indartuko dela, "nabarmen gizarte zerbitzuen alorrean", eta inbertsio gaitasuna handituko dela, aurreikusitako proiektuak gauzatzeko esan du ogasun zinegotziak. Hala, aurkeztu duten aurrekontu proiektuaren arabera, udalak sei milioi baino gehiago izango ditu inbertsioak egiteko, 2021 urtean baino 5,4 gehiago. 

Bestalde, aurrekontu osoaren %34,3 (11.694.947 euro) udal zerbitzuetara bideratuko dela azaldu dute, "zerbitzuen eskaintza hobetu eta indartzeko"; %31 (10.884.747 euro) giza baliabideetara, herritarrei kalitatezko arreta bermatu eta udal lanpostuak egonkortzeko eta %18 (6.352.259 euro) inbertsioetara, aurreikusitako proiektuak garatzeko. 

Udal gobernuaren apustuak eta lehentasunezko proiektuak

Estrategikoak diren eta "herria hobetu eta eraldatuko duten" proiektuen garapenean jarraituko duela esan du udal gobernuak. Gizarte Zerbitzuen alorrak "pisu handia" izango du, hiru milioi euro baino gehiagoko aurrekontuarekin, 2021 urtean baino %1 handiagoa, besteak beste, ondorengo zerbitzuak eta laguntzak eskaintzeko: etxez etxeko arreta zerbitzua (935.000 euro), zerbitzu soziohezitzaile eta psikosoziala (460.000 euro), larrialdietarako laguntzak ( 247.520 euro), diru laguntzak familiei (180.000 euro), zentro soziala, jangela soziala eta komunitate etxebizitzak (167.500 euro) eta Eguneko Arreta Zerbitzua (65.000 euro).  “Gizarte babesa bermatu, gizarte kohesioa sustatu eta desberdintasun sozialei aurre egitea izango da lehentasuna, inor atzean ez uzteko” esan du alkateak. “Pertsonen zaintza erdigunean jarrita, zaintzaileak zaintzeko proiektu berria ere garatuko dugu”. Berdintasunaren alde, urrats garrantzitsutzat jo dute Emakumeen Etxearen eraikuntza.

Lehentasunezkoak diren alorren artean, kulturarena ere nabarmendu dute. Hala, ohiko jarduerekin jarraitzeaz gain, iaz martxan jarritako ekimenak mantenduko dituzte, Kultura Plazara eta ToloFolk jaialdiak, kasu.

Bestalde, udala garai berrietara egokitzeko eta herritarrei erraztasunak emateko administrazio elektronikoan sakontzen jarraituko duela azaldu dute. Azokaren digitalizazioaren aldeko apustuan, wifia jarriko dute azokan eta takila adimentsuak Zerkausian erosketak jasotzeko. Zentzu horretan, Next Generation Europako Funtsak eskuratzeko proiektua aurkeztu du gobernuak, lan lerro ezberdinak jorratzeko, beti ere, "azoka garai berrietara egokitzeko helburuarekin". Azoka bereziak ere berreskuratuko ditu udalak eta Azoka Lagunak proiektua indartzeko asmoa du.

Inbertsio nagusiak herritarren ongizatean eragina duten proiektuetara bideratuko dituela adierazi du udal gobernuak: Zumarditxikia, Usabalgo hirugarren fasea, Gorriti plazaren berritzea, Amarozko estalki berria, zezen plazaren laugarren fasea, besteak beste.

Ingurumenaren eta garapen jasangarriaren "apustu sendoa" egiten jarraituko du, "tokikotasunetik aldaketa klimatikoari erantzuteko", eta energia eraginkortasunaren alde, eguzki plaka berriak eta led argiak jarriko dira, kale argiterian, udal eraikinetan eta Txaramarako bidean. Agenda 2021 proiektuaren garapen modura, Biodibertsitate Eskola martxan jarriko da.

Datorren urtean aurreikusitako proiektu eta hirigintza lanez harago, etorkizuneko proiektuen oinarriak ere landuko ditu gobernuak, esaterako: "Iurramendi berdegunerako proiektua edota Larramendi, Arramele eta Barrena kalearen arteko eremu osoa modu integralean berritzeko proiektua. Era berean, San Esteban  auzoaren garapenerako Plan Orokorraren aldaketa martxan jarriko da".

Olatz Peonek esan duenez, “zer egingo dugun bezain garrantzitsu da nola lan egingo dugun”. Bada, "orain arte bezala, gertutasunetik, herritarrekin elkarlanean" jarraitzeko konpromisoa du. Zentzu horretan, gobernantza eredu berrietan sakontzeko, "erabat berritzailea" izango den proiektua abiatuko dutela iragarri du alkateak, ArantzazuLABekin elkarlanean. 

Oposizioari aurrekontu proposamena aurkeztuta, orain hamalau egun dituzte ekarpenak egiteko. Egutegia jarraituta, 2022ko aurrekontuak abenduko osoko bilkuran jorratuko dituzte. "Gure helburua da 2022 urtea aurrekontuak onartuta ditugula hastea, proiektu guztiak urte hasieratik martxan jartzeko aukera izateko”. “Aurrekontu proiektu anitza, egingarria eta indartsua osatu dugu, proiektu berritzaileak eta aurreikusitako proiektuak jasotzen dituena, tolosarrekin hartutako konpromisoei eta herriak eta herritarrek dituzten egungo zein etorkizuneko beharrei erantzuteko” azpimarratu du alkateak.

 

Inbertsio nagusiak, zifratan

  • Zumarditxikia berreskuratzeko obrak: 500.000
  • Emakumeen Etxea egokitzeko lanak: 345.000
  • Usabal eremuko 3 fasea, naturan integratutako parkea sortzeko: 960.000
  • Gorriti, Barrena kalea eta Enperadore 37ko fatxada eraberritzeko lanak: 544.000
  • Abegi: zerbitzu berria martxan jartzeko eraikina berritzeko lanak: 368.000
  • Tren geltokiko irisgarritasuna eta Monteskuerako sarbidea hobetzeko bidea berritzea: pasealekua eta igogailua: 100.135
  • Amarozko auzoetxe alboko estalkia eta jolasak berdegunean: 484.000
  • Araba etorbideko etxeen arteko plaza bat berritzea: 100.000
  • Zezen plazaren laugarren fasea: 820.000
  • Izaskun aldapako euri urak biltzea: 215.000
  • Arkauteko teilatuaren berritzea: 125.000
  • Haur jolastokien berritzea: 100.000
  • Landa auzoak. Aldaba Txikiko ur saneamendua eta auzo-plana Urkizu eta Aldaban: 98.000
  • Eguzki plakak eta LED argiak: 330.000

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!