'Lortu arte!' dio Tolosaldeak

Ataria 2021ko aza. 13a, 13:46

Tolosaldeko EH Bilduk eskualdeko argazkia atera du eguerdian, Tolosako Trianguloa plazan, hemendik astebetera Bilbon izango den manifestazio nazionalerako deia eginez.

"Aske eta berdinen Euskal Herria" aldarrikatzea da EH Bilduren nahia. Horretako, zazpi puntuz osatutako konpromiso zerrenda aurkeztu dute: nazio librea (erabakitzeko eskubidea eta askatasuna); nazio justua (aberastasunaren banaketa eta duintasuna); nazio feminista (eskubideak eta parekidetasuna); nazio ekologista (lurra eta bizitza); nazio antifaxista (demokrazia eta aniztasuna); nazio euskalduna (hizkuntza nazionala) eta nazio baketsua (presoen etxeratzea. Aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak).

Honela, azaroaren 20ko Bilborako deitzaileek helburuaz mintzo dira: "Aske eta berdinen Euskal Herria dugu helburu, inboluzioari horma jarri behar diogu horretarako. Datozen hilabeteetan irekitzen zaigun abagunea probestuz, bermatuak behar ditugun eskubideak aldarrikatuko ditugu. [...] Euskal herritarren gehiengoaren nahiak egikaritzeko konpromisoa hartzen dugu eta azaroaren 20an Bilboko kaleetan fase berri bat irekitzera goaz".

Hitzordua zehaztuta dago beraz: datorren larunbatean, azaroaren 20an, 17:30ean, Bilboko La Casillatik abiatuko den manifestazio nazionala, Lortu arte! leloarekin.

Anoeta eta Irura

Era berean, herritarren babes argazkien bilketa egiten jarraituko du EH Bilduk datorren larunbata bitarte. Irura eta Anoetako hitzorduak adibide bat baino ez dira: atzo, iluntzean, irurarrek Irurako plaza hartu zuten argazkiak ateratzeko. Eta gaur aldiz, anoetarren txanda izango da, 17.00tatik 20.00tara Anoetako plazan argazkiak ateratzeko aukera izango baita.

Manifestaziora joateko autobusak antolatzen ari dira herriz herri. Esaterako, Anoeta eta Iruran izena emateko  zerrendak jarri dituzte; Anoetan, Itzuli tabernan eta Iruran, Trinkete tabernan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!