Hotzaren programa abiarazi du Tolosako Udalak

Ataria 2021ko aza. 12a, 10:59

Etxerik gabeko pertsonei gaua igarotzeko ostatua eskaintzea du helburu, baldintza klimatologiko gogorretatik babesteko.

Beste urte batez, Hotzaren Programa abiarazi du Tolosako Udalak herrian dauden etxerik gabeko pertsonei gaua igarotzeko ostatua eskaintzeko, baldintza klimatologiko gogorretatik babesteko. Laguntza hau Oria Hotelean emango du Udalak, eta gehienez gau bateko egonaldia izango da, izan ere, Tolosan dauden pasadizozko pertsonei zuzendutako laguntza da. Dena den, egoera klimatologiko bera mantentzen bada, gau gehiagotan ere eman ahal izango da zerbitzua.

Modu honetara, hotz handia iragarrita dagoen egunetan gaua hotel baten babesean pasatzeko aukera emango zaie, eta, nahi izanez gero, oinarrizko elikagai beharrak asetzeko otordu bat (gosaria) bermatuko zaie. Etxerik gabeko pertsonei zuzendutako laguntza da, baldintza klimatologiko gogorrak iragartzen diren unean Tolosan daudenen horientzat, gaua pasatzeko etxerik edo tokirik ez badute. Ohiko bizilekua Tolosan dutenek ezin izango dute ostaturik hartu programa honen bidez, pasadizoz herrian daudenentzako zerbitzua baita.

Baldintza horiek bete behar dira ostatua emateko: gaueko tenperatura 5 gradu edo baxuagoa izango dela aurreikusita egotea, eta Abegi pasadizokoen etxeko plaza guztiak beteta egotea. Kasu guztietan, udaltzain batek lagunduko ditu Hotzaren Programaz baliatuko diren pertsonak ostatura.
Zerbitzua Tolosako Udaltzaingoak kudeatuko du, beraz, baldintzak betetzen dituzten eta zerbitzua erabili nahi duten pertsonek Udaltzaingora hurbildu beharko dute 20:30ak baino lehen, ostaturako sarrera 21:00ak baino lehen egin behar baita. Tolosako Udalak urte osoan zehar eskainiko du zerbitzu hau, baldin eta aipatutako baldintzak betetzen badira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!