Erremonte profesionalean debuta egingo du Odei Arregik

Imanol Garcia Landa 2021ko aza. 11a, 19:59

Pilotari tolosarra orain urtebete eskas hasi zen erremontean jokatzen ikasten, eta profesional bezala bere lehen partida jokatuko du larunbatean Galarretan.

Egun berezia izango da larunbata, azaroaren 13a, Odei Arregi tolosarrarentzat. Erremonte profesionalean debuta egingo du Oriamendi enpresarekin, Hernaniko Galarreta pilotalekuan. 17:00etan hasiko da jaialdia eta bere debuteko partida lehenengoa izango da. Atzelari moduan jokatuko du, bere aurrelaria Goikoetxea V.a izango da, eta aurkari Zaldua anaiak izango dituzte. Jaialdiko bigarren partida binakako txapelketakoa izango da.

COVID-19aren konfinamenduaren erdi aldera dei bat jaso zuen Arregik. «Palaren bitartez ezagutu nuen lagun batek esan zidan Oriamendi enpresako komunikazioa eramaten zuela, erremonteari bultzada eman nahi ziotela, eta pilotariak behako zituztela», azaldu du tolosarrak. «Frontoian esperientzia zuten pilotarien bila zebiltzala eta probatzeko esan zidan». Pausoa eman zuen Arregik, baina ez zuen espero azkenean profesional bezala aritzeko aukera sortuko zitzaionik.

Horren aurretik erremontean aritu gabea zen Arregi. «Erreminta espezifiko batzuk behar dira, ez direnak edozein tokitan lortzen. Frontoiak ere bere neurriak behar ditu, eta oso kirol zaila da, nik frontoian orain arte jokatu dudan zailena ikasteko», esan du tolosarrak. Hasieran gidariak behar izaten direla gaineratu du, nola jokatu behar den eta zer arrisku dituen ezagutzeko. «Ez nuen ezer ezagutzen erremonteaz, ezta erremontistak ere, Galarretan sekula egon gabe nintzen, eta niretzat azkenean ere ezustekoa izan da nire burua erremontista profesional bezala ikustea».

Urte hasieran afizionatuen txapelketa moduko bat egin zuten, barrura begirakoa, eta hor parte hartu zuen Arregik. Orduan aurrelari moduan aritu zen eta batez ere horrela aritu da prestatzen, baina duela bi hilabete-edo atzelari bezala aritu zen entrenamendu batzuetan, eta ondo moldatzen zenez, eta enpresak behar gehiago zuenez postu horretan, atzelari bezala egingo du debuta.

Arregik bizi guztia frontoietan daramala dio. Hasieran eskuz, gero frontenisean eta ondoren palaz aritu da. «Erremontea oso urruti ikusten duzu, erabat aldatzen den modalitatea delako», esan du. «Hasieran asko frustratu nintzen, palan ere asko jaitsi zelako nire maila. Azkenean zirt edo zart egin behar nuen, eta pentsatu nuen beste erronka bat zela. Aurreko modalitateak pixka bat dominatzera iritsi naiz, eta ikusi nahi nuen modalitate honetan zer egiteko gai nintzen». Hilabeteen poderioz mailaz igotzen joan da eta orain debuta egiteko unea iritsi zaio. Hitzarmena 2022ko abenduaren 31 artekoa izango du. «Oso gustura nago eman didaten aukerarekin, eta orain gehiago ikasi eta emandako aukera aprobetxatu nahi dut», esan du Arregik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!