ELKARRIZKETA

«Ezagutza handia dut, baina are handiagoa izan daiteke oraindik»

Asier Imaz / Josu Artutxa 2021ko aza. 11a, 07:59

Amalur jardunaldien barruan, Agurtzane Belaunzaran kazetariak Josu Iztueta elkarrizketatuko du, gaur 19:30etik aurrera, Tolosako Topic-en; bere alde pertsonalagoa ezagutarazten saiatuko da bidaiari tolosarra.

Erabat ezberdina izango da Josu Iztuetak (Tolosa, 1957) Topic-en gaur arratsaldean egingo duen bidaia. Hausnarketak eta bizipen pertsonalak izango ditu oinarri, eta mundua bere begietatik ezagutzeko aukera eskainiko du.

Askok pentsatuko dute: ofizio ederra bidaiariarena.

Bai. Ez naiz hori bakarrik, baina hori ere banaiz. Askok oporrekin lotzen dituzte bidaiak; nire kasuan, lanaren parte direnez, beti oporretan nagoela pentsatzen dute. Bidaia bat ez da soilik alde batetik bestera mugitzea. Kulturaz edo animoz mugitzea ere bada. Gauza asko bateratzen dira. Nik hori egitea hautatu nuen, eta horretan jarraitzen dut 40 urte beranduago, beraz, nabari da ez naizela damutu.

Zuk, beraz, ez duzu gozatze hutsagatik soilik bidaiatzen?

Ez. Gustuko bizimodua eman dut, baina ez da erosoa izan. Norberak erosotasuna aukeratzen duenean, ziur beste bide bat aukeratzen duela, segurtasunez betea. Datozen egunak nolakoak izango diren erabakitzea aukeratu ahal izatea, pribilegio hutsa da. Nik zerbaitengandik ihesi mugitu behar izango banu, ez nintzateke bidaiaria izango.

Zure ibilbide profesionala aski ezaguna da. Gaur, ordea, zure alde pertsonalagoa ezagutzeko aukera izango dugu. Zer duzu ezkutatzeko?

[Barreak] Bidaia baten kontakizun orokorra egitea oso erraza da. Irudi batzuk hartu eta gidoi bat egitea besterik ez du eskatzen. Gaurko egitura, ordea, Alberto Luengok proposatutakoa da. Erabat aldatzen da ohiko hitzaldietatik. Nik eta Agurtzanek ez ditugu galderak adostu. Berak ondo ezagutzen nau eta badaki bidaiariak nolakoak garen. Gure beldurrak, kezkak, kontraesanak, koherentzia faltak eta larrialdiak izaten ditugulako. Akaso niri buruz ez daki dena, baina bai asko. Hori dela eta, ez dakit Agurtzanek nondik eta nora eramango nauen.

Ba al duzu zerbait gordeta, gaurko saioan lehen aldiz kontatuko duzuna?

Batek daki! Batez ere, lagun arteko elkarrizketa eta solasaldietan ateratako pasarteei buruz ariko gara. Agurtzaneri honakoa esan nion: Galderak filtrorik gabeak baldin badira, erantzunak ere horrela izango dira. Muturreko egoerak bizitzea egokitu zait, baina ez dut lotsarik nire bizitzako zenbait gertaera kontatzeko, hala nola, Finlandian kartzelan sartu gintuztenekoa edo aduana batean mozkor batek pistola buruan jarri zuenekoa.

Kontuan izan behar da Tolosa plaza berezia dela. Ez da berdina bizi zaren tokiarekin inplikatutako zerbait handik kanpo edo bertan kontatzea. Horregatik, autokritikarako ere leku egokia izan daiteke.

Jomugan duzun elkarrizketa bat al da gaurkoa? Inoiz baino irekiagoa izango zara?

Lagun arteko giroa partekatzen dugu Amalur jardunaldietan aritzen garenok, etxekoa. Erosoago sentituko naiz; horrek aukera emango dit beste gauza batzuk kontatzeko. Euskaraz izanik, errazago ariko naiz nire sentimenduez, eta gehiago gerturatuko naiz publikoarengana.

Alde pertsonalari begiratuta, zer nabarmenduko zenuke bisitatu duzun kontinente bakoitzetik?

Batetik Afrika dugu, Europaren atzetik gertuen dugun kontinentea. Beste mundu bat da. Bertatik ia beti heltzen zaizkigu berri txarrak, baina sekulako boterea du. Bertakoek baldintza gogorrak dituzte, baina oso alaiak dira, eta dantzari eta kantuari lotuta bizi dira. Dena ez da txarra, eta guztia ez da ona ere.

Bestetik, Ipar Amerikako herrialdeak elkarrengandik erabat ezberdinak dira. Duela 30 bat urte honakoa esan zidaten Kanadan: «Estatubatuarrak oso harro daude estatubatuarrak izateaz; gu, berriz, harro gaude estatubatuarrak ez izateaz». Esaldi mundiala da, eta guretzat ere balioko luke: «Espainiarrak oso harro daude espainiarrak izateaz; gu, berriz, harro gaude espainiarrak ez izateaz». Hala ere, estatubatuarrak bihotz handiko herritarrak dira.

Hego Amerikan herrialde asko daude. Bertako biztanleekin komunikatzeko helduleku ona da hizkuntza, izan gaztelania edota euskara, Euskal Etxeen kasuan. Politikoki, ordea, egoera larriak bizitzea egokitu zaie, eta badira dituzun aurreiritziak hausten dituztenak ere.

Asia, berriz, gutxien ezagutzen dudan kontinentea da. Nepal aldera joan izan naiz gehienetan. Euskal Herrian mendirako dugun zaletasunagatik, gertuagokoa den eremua da hori. Bertara joan gabe ere, leku asko ezagunak zaizkigu. Beste sinesmen batzuk dituzte bertan. Mundua ulertzeko modu ezberdinak dituzte. Asiarekin, gainera, badut arantza txiki bat. Ez naiz ez Txinan ezta Indian ere egon, eta bi herrialde horietan bizi da munduko biztanleriaren heren bat baino gehiago.

Azkenik, Ozeanian, Australiako handitasuna, lehortasuna eta bakardadea nahiz Zeelanda Berriko txikitasuna eta errespetutako Mahoriak ezagutzeko aukera ere izan dut. Ondorio nagusi bat atera dezaket: nik ezagutza handia dut, baina are handiagoa izan daiteke oraindik.

Bidaiaria eta turista; turista eta bidaiaria. Bi hitz ezberdin dira...

Nik ez nituzke horrenbeste bereiziko. Jende klase bati turista dela esateak, lotsa ematen dio, gehienek hori egiten dutelako. Alberto Iñurrategiri behin esan nion mendian bera alpinista izango zela, baina ni espedizioko kidea besterik ez nintzela izango; beste lekuren batean bidaiariak izan gintezkeela esan nion, eta hirugarren batean, berriz, turistak. Aireportu batean, akaso gurpildun maleta daraman batek motxila daraman beste batek baino jarrera hobea izan dezake.

Norbaitek Saharako basamortua ur botila batekin bakarrik gurutzatzeak ez du zerikusirik guk Groenlandia gurutzatzearekin. Horregatik, oso zaila da bereiztea; nik, gainera, ez dut oso gustuko bakoitza definitzea, jarrera kontua delako. Ondorioz, turista, bidaiari, antropologo edota psikologo rola izatea egokitu izan zait bidaia ezberdinetan.

MOTZEAN

Bidaiatzeko modu bat? Bizikleta.

Herrialde bat? Eskandinabiako Laponia.

Bisitatzea gustatuko litzaizukeen leku bat? India. Bietako bat, edo maitemindu edo nazkatu egingo naizela esan didate askok.

Berriz itzuliko ez zinatekeen leku bat? Errusian esperientzia txarra izan nuen behin, baina horregatik ezin dut herrialde osoa aintzat hartu.

Bidaietan entzuten duzun musika. Benito Lertxundi, Itoiz, Mikel Laboa... batzuetan nostalgiko samarra naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!