Bizikidetzaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko aza. 10a, 12:59

Gizarteak jasandako indarkeria eta giza eskubideen urraketak "ahaztezinak" direla gogorarazteko, Biktimen Memoria Eguna baliatu du Tolosako Udalak.

Tolosako Udalak, bertan ordezkaritza politikoa duten alderdi guztien elkarlanari eta kontsentsuari esker, azaroaren 10a (Biktimen Memoria Eguna) baliatu du adierazpen instituzional bateratua irakurri eta Pizkundea plazan dagoen oroitarrian lore eskaintza egiteko. "Bizikidetza sustatzeko bide horretan, gure herrian izandako giza eskubide guztien urraketa larrien inguruko memoria transmititzea eta egia guztia ezagutzea ezinbesteko da", azpimarratu dute ordezkari politikoek.

Tolosan, sufrimendu egoera asko eta oso desberdinak gertatu direla eta gertatzen direla gogoratu dute: "Batzuk ezagunagoak, nabarmenagoak, baina badira ere isilean egunerokotasunari txertatuak eta gure ingurune hurbilean gordeta izan diren bizipen eta egoera isilagoak ere. Horiek ere azalera ekarri nahi ditugu”.

2006an hasi zuen udalak memoria berreskuratzeko lanketa, Tolosan izandako eta tolosarrek pairatutako indarkeria eta giza eskubideen urraketen inguruko egia ahalik eta modu zabalenean ezagutu eta dokumentatzeko. Aranzadi Zientzia elkartearekin elkarlanean, dagoeneko bi liburu argitaratu dira, eta une honetan, abian da 1960tik gaur egun arte izandako giza eskubideen urraketen ikerketa.

Testigantzen garrantzia

Orain arte egindako lanen edukiak eta abian den ikerketaren emaitzak, joan den urtean aurkeztu zuten “Oroimena Tolosa” webgunean daude jasota. "Baliabide bizia izango da. Ezagunak diren nahiz ezagutzen ez diren giza eskubideen urraketak jasoko dira, gertatutakoaren egia modurik zabalenean eta zehatzenean jasota. Abian den ikerketaren harira,  bereziki urraketak pairatu dituzten herritarren bizipenak eta testigantzak txertatuko dira", esan dute. 

Testigantza zuzenak jasotzeak, askotan familian oso gordeta dauden sufrimendu eta urraketak azaleratzea dakarrela azpimarratu dute udal ordezkariek. "Testigantzarik gabe nekez jakin daiteke gertatutakoa eta ezinezkoa da horren zabalkundea egitea. Hori dela eta, garrantzia handia dute, indarkeriaren eragina zuzenean ezagutzeak gertatutakoaren dimentsioaz jabetzen laguntzen duelako, gertatutakoa berriz errepikatu ez dadin. Egia osoagoa izateko aukera paregabea da".

Hala ere, udal ordezkariak jakitun dira sufritutakoa kontatzea ez dela ariketa erraza. "Gertatutakoa berriz bizitzea eragiten du". Horregatik, pauso hori eman dutenen eskuzabaltasuna eskertu eta azpimarratu dute. "Bide batez, sufrimendu egoeraren bat edo giza eskubideen urraketaren bat pairatu duten herritarrak euren testigantza ematera animatzen ditugu", esan dute. Horretarako, herritarrak zuzenean jar daitezke harremanetan Aranzadi Zientzia elkarteko kideekin, ordezkari politikoen bitartez edo udaletxera deituz. “Gure aldetik beharrezkoa den zaintza eta kontua eskainiko dugu, testigantza horiek behar duten duintasunarekin tratatuak izan daitezen”, gaineratu dute.

Elkartasuna, guztiei

Amaitzeko, bizitza, giza duintasuna eta giza eskubideak beste edozein kausa, ideia politiko edo estatu-arrazoiren gainetik egon behar dutela, eta beti errespetatu behar direla nabarmendu dute: “Horrenbeste biktima eragin dituen indarkeria bidegabea izan dela aitortu nahi dugu eta biktima guztiei gure elkartasuna eta hurbiltasuna adieraztearekin batera, egia, justizia, aitortza eta erreparazioa eskatzen dugu biktima guztientzat”.

Horregatik, elkar entzutea eta biktima guztiek izandako min, sufrimendu eta bizipen guztiak aitortzea, gure gizartean eman ziren urruntzeak gainditzeko abiapuntua direla gogoratu dute. "Indarkeria adierazpenak eta giza eskubideen urraketak ez dira inoiz gehiago gure artean gertatu eta justifikatu behar, eta giza eskubideak urratzen dituen edozein ekintzak Tolosako udal ordezkarion erabateko oposizioa izango du".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!