Gehigarria: etxebizitza

«Zurezko eraikuntza geroz eta zabalduago dago jendearen artean»

Ataria 2021ko aza. 18a, 09:50

Egurra da gaur egun arkitektura munduan gehien erabiltzen den materialetako bat, eta geroz eta gehiago dira zurezko eraikuntzara salto egin duten estudioak; horren adibidea dugu Tolosako Zür Studioa, hain zuzen. Leire Malkorra, Nahikari Calleja eta Isaura Rodriguezek osatzen dute estudioa.

Arkitektura munduan murgildu ziren hiruak, eta hasieran bide desberdinak hartu bazituzten ere, indarrak batzea erabaki eta Zür Studio sortu zuten. Eraberritzeetan, birgaitzean eta zurezko eraikuntzan daude espezializatuta.

Nola egiten duzue lan?
Leire Malkorra: Normalean bakoitza proiektu baten arduraduna izaten da, baina gero dena batera egiten dugu. Hiruok dugu antzeko profila, baina gero bakoitza gauza desberdinetan dago espezializatuta. Adibidez, Isaura Revit teknologian da aditua, BIM eraikuntza sisteman; Nahikari hirigintza eta genero ikuspegian; eta nik birgaitze masterra egin nuen eta egurraren eraikuntzan naiz aditu. Hiruok ideologia eta kontzeptu arkitektoniko orokor antzekoak ditugu, hala ere. Horregatik, proiektuetan gutako bat buru izan arren, gero denen artean egiten dugu lan.

Zein zerbitzu eskaintzen duzue?
Nahikari Calleja: Zür Studiotik eraikuntza hasieratik bukaeraraino kudeatzeko aukera eskaintzen dugu. Hau da, bezeroak estudioan egin nahi duena azaltzen digu, guk proiektuaren proposamenak egiten dizkiogu eta egingo dena adosten denean, proiektua idazten eta marrazten dugu. Beharrezko tramiteak kudeatzen ditugu eraikitzeko lizentzia lortu eta obrarekin hasteko. Konfiantzako gremio eta eraikuntza enpresekin lan egiten dugu. Prozesu osoa hasieratik bukaeraraino kudeatzen dugunez, proiektuaren hasierako proposamena errealitatera eramaten dugu.

Eraberritzeetan eta birgaitzeetan zaudete espezializatuta, baita zurezko eraikuntzan ere. Geroz eta jende gehiago animatzen da zurezko eraikuntzara?
Malkorra: Baiezkoa esango genuke. Euskal Herrian historikoki beti egon da zurezko eraikuntza, hori zelako hemen aurkitzen zen materiala. Hormigoiaren gorakadaren eraginez, egurraren eraikuntza galdu egin zen, baina Europako Iparraldean inoiz ez da galdu eraikuntza hori. Adibidez, Norvegia edo Danimarkara joanez gero, han bertan zuraren eraikuntzarekin jarraitzen dute, eta gainera bertan galdetuko dizute ea hemen zer dela eta ez dugun egurra erabiltzen eraikitzeko.

Zein proiektu edo helburu dituzue etorkizunean?
Isaura Rodriguez: Oraintxe esku artean mota askotako proiektuak dauzkagu: baserrien birgaitzeak, zurezko obra berriko eraikinak, etxebizitzetan irisgarritasuna bermatzeko proiektuak, eraberritze komertzialak eta etxebizitza berritzeak. Poiektu jasangarriak egiten ditugu bai ingurumenarekiko eta bai jendearekiko, genero ikuspegia kontutan izanik uneoro. Alderdi horiek batu eta aldi berean nortasuna izango duten proiektuak egitea da gure helburua.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!