Pobreziaren aurkako jardunaldiak antolatu ditu Zutani elkarteak

Ataria 2021eko azaroaren 9a

Tokiko merkataritza solidarioen sareaz ariko dira gaur, eta bihar mahai ingurua egingo dute, 'Janaria ez da zaborra' izenburupean.

Zutani elkarteak Pobreziaren aurkako jardunaldiak antolatu ditu aste honetarako. Hiru ekitaldi izango dira, guztiak Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolan, 19:00etan hasita.
 
Lehen ekitaldia atzo izan zen. Hain justu, Combatir el hambre con las sobras liburua aurkeztu zuen Jordi Gaston antropologoak. Liburuan Elikagaien Bankuko jakiak erosteko erabiltzen den diruaz hitz egiten da. Diru horrek, antza, lotura zuzena du elikagaien industriarekin, aldi berean, onuradun nagusia dena.
 
Bada, bigarren ekitaldia gaur izango da. Solidaridup izeneko hitzaldia eskainiko dute. Tokiko merkataritza solidarioen sarea azalduko dute, Getxoko esperientzia kontatuz.
 
Bihar egingo dute hirugarren eta azken ekitaldia. Kasu honetan, Janaria ez da zaborra izenburupean mahai ingurua egingo dute. Mahai inguru horretan parte hartuko dute Nevera Solidaria Galdakaoko boluntarioen gizarte elkarteko kideek. Horrekin batera, Janari soberakinak Tolosaldeko ikastetxeetako jantokietan ikerketa aurkeztuko du Tolosaldea Garatzeneko Garbiñe Mendizabalek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!