BABESTUTAKO EDUKIA

«Pazienteekin harremana beharrezkoa da»

Zuatzu Klinika 2021ko aza. 15a, 07:57

Emerson Murua Perez ginekologoa Tolosako Zuatzu klinikan. N. ROLDAN DE ARANGUIZ

Emerson Murua Pérez (Buenos Aires, Argentina, 1975) obstetrizia eta ginekologian mediku espezialista da. Bizkarrean 25 urteko profesionaltasuna du eta 2013az geroztik Zuatzu klinikan lanean dihardu. 

Zuatzu klinikan emakumeari zuzendutako espezialitate guztiak jorratzen dira, era berezian ginekologia, obstetrizia eta jaio aurreko diagnostikoa. Orain artean Tolosaldeko pazienteak beste zentroetara lekualdatu badira ere, orain gertuko zerbitzua etxetik gertuago izango dute, Zuatzu klinikak bere ateak ireki baititu Tolosan.

Zertan datza zure lana Zuatzu klinikan?

Jarraipen integrala da. Nire lana jaio aurreko diagnostikora dago bideratuta; nire alorra haurdunaldiak eta erditzeak dira, baina baita jarraipen ginekologiko orokorrak ere.

Pazientea zertara datorren horretara egokitzen gara. Nire lana hortaz jarraipen ginekologikoetatik hasi eta ginekologia patologiak tratatzera bitartekoa izaten da: kisteak, miomak... Baita DIUen kolokazioa ere. Edota ginekologia eta obstetriziaren barruan behar den beste edozein kontu; jaio aurreko umeekin erlazionatutako edozein kontu, adibide bezala, amniozentesiak aipa daitezke. Oso alor zabala da.

Zein da paziente potentziala?

Urte luzez ezagutzen ditudan pazienteak baditut; umeak gurean izan dituztenak eta jada ume hauek nerabeak direnak; edota, bizitza guztian gurekin tratatu direnak eta orain euren ugalketa-bizitzaren amaieran daudenak eta ginekologia kontrol ohikoetara datozenak; edota gurekin haurdunaldia lortu nahi dutenak eta gizarte segurantzak eskaintzen dien jarraipena Zuatzun osatu nahi dutenak.

Adibidez, gizarte segurantzak 12, 20 eta 34 asteko ekografiak egingo dizkio haurdun dagoen emakumeari, baina gure ustez hau urri geratzen da. Are gehiago, pandemia garaian, gizarte segurantzan haurdun zeuden emakume horien bikoteek ez dute aukerarik izan ekografia horietan egoteko. Guk aukera eman diegu.

Nola eragin dizue pandemiak?

COVID-19a hasi zenean, guztiontzat zerbait berria zen, paziente ez ziren emakumeen dei pila bat jasotzen hasi ginen. Haurdun zeuden emakumeak ziren eta zalantzez josita zeuden: "Haurdunaldiarekin jarraitu behar dut baina Osakidetzan ez didate zitarik ematen, telefono bidezko jarraipena baino ez didate egiten". Emakume hauei jarraipen integrala eskaini genien.

Pandemiarekin ohiko kezkak areagotu egin ziren. Ohikoak ziren kontuekin haurdun zeuden emakumeak oso galduta egotera pasa ziren.

Zergatik jo Zuatzu klinikara?

Publikoan emaginak egiten du jarraipena batik bat, eta ginekologoarekin hiru zita daude guztira. Guk artatzen ditugun emakumeak dudaz josirik datoz eta euren zalantza guztiak argitzen saiatzen gara. Lehenengoz haurdun gelditzen diren emakumeen egoera berezia izaten da, ohikoak baino zalantza gehiago izaten dituzte eta. Gizarte Segurantzan duda guztiak argitzeko denborarik ez dute. Zerbitzu publikoak ehunka eta ehunka pertsonen beharrak ase behar ditu eta ahal bezain ondo egiten du. Baina bestalde, zerbitzu publikoak eskaintzen duena ez da beti nahikoa pazientearentzat.

Ez da eskaintzen zaien denbora bakarrik, pertsonalizazioa dago atzean. Paziente batek atea zeharkatzen duenean bere historia kliniko guztia ezagutzen dut jada. Emakume hauekin dugun feedbacka berezia da; pertsonen arteko harremana beharrezkoa da. 

Egun hauetan Tolosan lehenengoz artatzen ari gara bizitza osoan gure pazienteak izan direnak. Hau da, orain arte beste zentroetara joan baina orain zerbitzua Tolosan dutenak.

Zergatik Tolosan klinika irekitzearen pausoa?

Gertutasunagatik. Gure paziente asko Tolosaldekoak dira.

Gure pazienteak oso ondo ezagutzeak eta gertutik ezagutzeak paziente berriak erakarriko dituela badakit. Nire ustetan Gizarte Segurantzan horrelako gertuko kontrolik ezin da eraman.

Zuatzu klinikak bere oinarria Donostian du baina herrialde osora gerturatzen saiatzen gara; Arrasate, Eibar, Irun eta Beasaingo zentroei gehitu zaie Tolosakoa. Diziplina anitzeko taldea izanik, patologia guztiak betetzen ditugu.

Gaur egun arazo ginekologikoak areagotu egin dira? Bizimoduak, estresak eraginik al du? Horrek zerbitzu pribatuak areagotzeak ere ekarri al du?

Berriro pandemiaz hitz egingo dut. Egoera berezi baten aurrean gaude. 2019tik aurrera aldaketa eman da alor ginekologikoan. Esaterako, zerbix minbiziaren baheketa unibertsala ohiko azterketan sartu zenetik, aldaketa bat eman da. Osasun Ministerioaren aldaketa da, unibertsala. Erabaki honen aurretik, urtero zitologia izaten zuten emakumeek. Orain azterketetan VPH giza-papilomaren birusa aztertzen da, zerbix minbiziaren baheketa. Aldaketa honekin lehen urtero ikusten ziren emakumeak orain bost urtetik behin aztertuko dira. 

Izugarria izan zen emakumeei azaltzea urtez urte azterketa ginekologikoak izaten zituztela eta orain bost urtetik behin izango zituztela azterketa hauek, gizarte segurantzan. Bost urteren buruan gauza ugari gertatu daitezke: mioma bat agertu daiteke, hileroko oparoak, titi minbizia sortu daiteke, zerbix minbizia... Gure ikuspegiaren arabera, gizarte segurantzak emakumeei eskaintzen dien zerbitzua murritza da. Benetan pentsatzen dugu gutxi dela. Ez da eskaini daitekeen onena.

Ni ospitale publikoan formatutako ginekologia-mediku bezala, Osakidetzan lan egindakoa izanik, badakit osasun zerbitzua gizarte osoari eskaini behar diozula; logikoki, baliabide bat pertsona askoren artean banatu behar duzunean ez da onena izango. Guk eskaintzen duguna gizarte segurantzak bete ezin duen hori da.

Adibidez, emakume gazteagoetan titi minbizi gehiago ikusten ari gara. Ez da ez zegoela, ez zela diagnostikatu baizik. Gehiago eta lehenago diagnostikatzen da. Eta horrek prebentzioarekin zerikusia badu. Eta prebentzioan alor pribatuan lan gehiago egiten ari gara. Azkenean, lehenago antzemanda, erabaki gehiago hartzeko aukera dago. Esaterako, haurdunaldi batean 12. astetik 20. astera gauza asko gerta daitezke. Haurdun dagoen emakume bati hernia diafragmatiko baten berri ematea ez da berdina 12. astean edo 20. astean esatea. Erabat kontu pertsonala da, baina azkenean nahi izanez gero emakume horri haurdunaldia eteteko aukera ematen ari zara; edota, haurdunaldiaren jarraipen zehatzagoa egiteko aukera. Azkenean, alor pribatuan prebentzioa ondo jorratzen ari gara, Zuatzu klinikan bai behintzat.

Ulertzen dut jende guztiak ezin duela alor pribatura jo baina jendearen arazoak ahalik eta kontsulta gutxienen bitartez bideratzen saiatzen gara Zuatzun. Informazioa izan eta horren arabera erabakiak hartu ditzaten.

ZUATZU KLINIKA

 

943 50 60 90.

Laskoain kalea, 16. Tolosa.

www.clinicazuatzu.com 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!