Tolosako Udalak prest du Usabal eremuko hirugarren faserako proiektua

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 5a, 19:59

Naturan integratutako parke berria sortuko dute, hainbat kirol instalaziorekin eta ibai ertzeko pasealekuarekin, herritar guztien erabilerarako eremua izan dadin; datorren urtean burutuko dira obrak.

Tolosako Udalak Legealdi Planean jasota duen proiektu estrategikoetako bat Usabal kiroldegiaren atzealdeko eremuaren hirugarren fasea da. Eremuaren garapenerako proiektua prest dute jada eta datorren urtean aurrera eramango dira obrak. Olatz Peon alkateak eta Joxe Mari Villanueva kirol zinegotziak eman dituzte prozesuaren inguruko azalpenak.

Alkateak adierazi duenez, udal gobernuak lanean jarraitzen du, "tolosarrekin hartutako konpromisoei eutsiz", legealdi planean jasotako proiektuak aurrera eramateko. “Herritarrei eskainitako zerbitzuak hobetu eta herriko eremu ezberdinak berreskuratu eta atseginago egiteko helburuarekin garatu dugu proiektua. Kasu honetan, gainera, kirol instalazioak berritu eta horien erabilera optimizatu eta indartzeko proiektu estrategikoa da”.

Usabalgoa "potentzial handiko eremua" dela nabarmendu du Peonek, "askotariko aukerak ematen dituena”. Hori dela eta, udalak aukera ezberdinak aztertu eta landu dituela azaldu du: "Beste herrietako kirol eremuak aztertu dira eta proiektua kirol eragileekin eta erabiltzaileekin elkarlanean garatu da”.

Parke mistoa, pump track eremuarekin

Proiektu berriari esker, kirola egiteko eremu berriak sortzeaz gain, naturan integratutako parkea eta ibaiaren albotik igaroko den pasealeku berria sortuko dituztela aurreratu dute. "Ibaiaren presentzia indartu nahi dugu. Eremu bizia izateaz gain, elkarbizitzarako gune bat izatea nahi dugu, tolosar guztien gozamenerako eta erabilerarako izango dena, tolosarrei aukera berriak eskaintzeko eta eremua herritarrentzat atseginagoa eta erakargarriagoa egiteko”.

Eremu berria parke misto handi bat izango da, 14.300 metro karratukoa. Egungo tirolina tokiz aldatu eta albo batean kokatuko dute, skate parkea handituko dute, trial modalitaterako eremua berrantolatuko dute eta pump track eremu berria sortuko dute. Bertan egoteko berdegunea ere egokituko dute eta hiri altzariak jarriko dituzte.

Udal ordezkariek aitortu dutenez, kirol eragile eta erabiltzaile bakoitzaren beharrak kontuan izan dira proiektua garatzerako garaian, kirol eremu bakoitzak nolakoa behar duen landuz eta adostuz erabiltzaileekin, oso behar eta elementu zehatzak behar direlako kirol modalitate bakoitzerako. Street estilorako barandak jarriko dira eta zailtasun ezberdinetako elementuak, profesionalek ere beren kirol jarduera bertan egiteko aukera izan dezaten. Zailtasun ezberdinetako pumptrack-a sortuko da eta babes elementuak ere jarriko dira parke osoan zehar herritarren segurtasuna bermatzeko.

Tolosa eta Alegia elkartzen dituen oinezko zein txirrindularien biderako trazatu berria egingo dute. Beraz, bidearen egitura aldatuko dutenez, oinezkoen eta bizikleten arteko bizikidetza ahalbidetzeko bide berria egingo dute, 3,6 metroko zabalera izango duena. Pasabide berria, gainera, ibaira hurbilduko da, kirol-pistentzako tokia uzteko. "Erabilera anitzeko ekintzak integratzeko proiektua da, natura ikuspegia txertatuta duena eta herritarrei aukera berriak eskainiko dizkiena", adierazi dute.

Iraunkortasuna bermatzeko

Parke osoari uniformetasuna emateko material berdina erabiliko dute. Hain justu, hormigoia erabiliko dute kirol eremu guztietan, iraunkortasuna bermatzeko. "Skate parkeak, esaterako, material oso gogorrak behar ditu denboran irauteko, eta horregatik, proiektuan hormigoia erabiltzeko aukera jaso da".

Paisaiari dagokionez, ibai-parkearen lerroari jarraipena emango die udalak. "Iraunkortasunari eta mantentze-maila txikiari lehentasuna eman zaie eraikuntzarako materialak eta landaredia aukeratzeko garaian". Horrela, kirol pista guztiak zuhaitzez inguratuta geldituko dira. "Batez ere, espezie iraunkorrak jarriko dira, haien hosto eta fruituak pistetara erori ez daitezen".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!