Hamabost urteko bizipenen laburpena

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko aza. 5a, 07:59

Alberto Luengo tolosarrak, Amalur jardunaldien inguruko liburu bat idatzi berri du: 'Amalur: Bidaia, Natura eta Antropologia'. Atzo egin zuten aurkezpen ekitaldia, Topic-en, aurtengo jardunaldien barruan.

Ederki gogoratzen du 2006ko udazken hura Alberto Luengo tolosarrak. Herritar gehiagorekin batera, Amalur jardunaldiak antolatzen hasi zen, natura eta antropologia ardatz hartuta, eta orain inguruko nahiz nazioarteko. Urte guzti hauetan, dozenaka hitzaldi entzun, mila eta bat irakaspen jaso eta beste hainbat anekdota bizi izan ditu. Orain, jardunaldiak hasi zirela hamabost urte betetzen direnean, liburu bat argitaratu du: Amalur: Bidaia, Natura eta Antropologia.

Atzera begirako lan bat da. "Sinplea, irakurtzeko arina eta ulertzeko erraza". Horrela deskribatu zuen atzo Luengok berak, Topic-en egin zuen aurkezpen ekitaldian. Berarekin batera izan ziren Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatua eta Aitor Imaz Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakaria. "Duela hamabost urte, guztia nola hasi zen erakusten digu liburuak; orain, ordea, ezin dugu atzera begira jarri, ezinbestekoa baita erabakiak hartzea", nabarmendu zuen Asensiok. Eskerrak eman zizkion Luengori, eta aurrerantzean ere, horrelako lanak egiten jarraitzera animatu zuen.

Luengok ere esker hitzak izan zituen Asensiorentzat eta Imazentzat, baina batik bat, Joselu Andueza izan zuen gogoan. "Bera izan zen lehen harria jarri zuena, jardunaldien bidea zabaltzea posible egin zuena. Guk ez genuen esperientziarik, baina gogotsu geunden, ilusioz gainezka, eta berak gu gidatzen jakin izan zuen". Anduezaz gain, aurkeztu berri duen liburuaren prestakuntza prozesuan nahiz edizioan alboan izan dituenez gogoratu zen, baita materiala utzi diotenez ere. "Amalur jardunaldiak posible egiten dituzten guztiengatik ez balitz, ez nuke orri bakar bat ere idatziko", aitortu zuen.

Babarrun eske etorritako hizlaria

15 kapitulutan banatzen da liburua; hain justu, kapitulu bakoitzak, jardunaldien edizio bakoitzeko bitxikeriak, anekdotak eta bizipenak biltzen ditu. "Hitzaldien osteko afarietan kontatutakoak kanpoan utzi ditut, ez naiz horiek argitaratzera ausartu. Ez da erraza izan laburtzea, baina merezi izan du zuekin partekatzeak", aitortu zuen idazleak. Horiekin batera, egunkarietako artikuluek, hizlarien testuek edota argazkiek osatzen dituzte eleberriko orrialdeak.

Luengoren ustez, herritar gutxi batzuek dakite zer nolako jendea igaro den jardunaldietatik. "Tartean, beldur eszenikoa izan duten hizlariak etorri dira, edota aurrez adostutako kontratuaz aparte, perla beltzak (babarrunak) eskatu dituztenak. Ni, batez ere, hitzaldiak prestatu gabe etorri izan direnekin geratzen naiz. Txundituta utzi izan naute euren inprobisatzeko ahalmenak".

Aurkezpen ekitaldia amaitzen ari zela, ondorengoa esan zuen publikoan zegoen herritar batek: "Eskerrik asko, ezagutzen ez dugun mundu hau, hain arrotza zaiguna, erreala dela erakusteagatik, hona ekartzeagatik". Aurkezpenera bertaratu zirenek txaloz eskertu zuten antolatzaileei eskainitako mezu hura. Ondoren, Asensiok hurrengo 15 urteak nolakoak irudikatzen dituen galdetu zion Luengori, eta honako hau erantzun zion biologo tolosarrak: "Orain oso gutxi informatuta eta entretenituegi bizi gara. Digitalizazioa oso ondo dago, baina eliza batean apaizak egiten du bisita gidatu onena; hori dela eta, tolosar gazteek herrian dugun baloreaz jabetu behar dute. Tolosa plaza zaila da, baina aldi berean, eskertua. Formatu honetan sinisten dut, ezin dugu galdu, eta beraz, mantendu dezagun".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!