Errespetua oinarrian

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko aza. 4a, 11:59

Tolosako Bizikidetza Foroak amaitutzat eman du bere ibilbidea; 2013an sortu zuten hamabi lagunek, «ideia ezberdineko tolosarren elkargune iraunkorra».

Kito. Tolosako Bizikidetza Foroak igaro du helmuga. Pasa den astean, Tolosako kultur etxean egin zuen azken ekitaldia, eta bertan, zortzi urte hauetan foroak egindako lana errepasatu zuten.

Herri ekimenak sustatuta eratu zuten taldea ibilbide sozial eta politiko anitzeko hamabi herritarrek: Martin Agirrezabala, Jose Luis Aizpurua, Kike Amonarriz, Mattin Amundarain (2019an zendua), Joxe Agustin Arrieta, Pello Atxukarro, Garbiñe Biurrun, Sergio Ceberio, Antton Izagirre, Arantxa Izagirre, Onintza Lasa eta Xabier Maiza. Guztiak lagunak, pentsaera ezberdinekoak, baina bizikidetzaren aldeko ekarpenak egiteko prest azaldutakoak.

Foroa 2013an sortu bazen ere, handik urtebetera aurkeztu zen publikoki. Elkarri eta Lokarri taldeen ekimenez eratu zen; kolektibo horiek, gatazkari irtenbideak proposatzeko bildu ziren hainbat urtez. ETAk bere jarduna utzi ondoren, aurrera egitea erabaki zuen Lokarrik. «Bizikidetzarako, politika normalizatzeko eta bakebidea osatzeko aukerak zeudela ohartu ginen», gogoratu zuten ekitaldian. Orduan, erabat autonomoa eta ahalik eta irekiena izango zen elkarte berri bat sortzea erabaki zuten, «iraganak utzitako hainbat arazo» konpondu gabe zirela iritzita.

Geroztik, askotariko ideiak eta jarrerak zituzten tolosarren elkargune iraunkorra izan da; eztabaidarako, azterketarako edota pentsamendu trukaketarako. «Iraganari ertz desberdin eta kritikoetatik begira, elkarrekiko errespetuan oinarritutako elkarbizitzazko etorkizuna eraikitzen laguntzeko asmoz elkartu izan gara eta bizikidetzak izandako urraketak erreparatzea izan da helburua», esan zuten.

Konfiantzazko giroa

Azken saioan, Garbiñe Biurrunek eta Kike Amonarrizek eman zuten foroak egindakoaren berri. Taldeak bi lan-lerro nagusi izan dituela zehaztu zuten: «Batetik, bizikidetzaren inguruan barne hausnarketa eta eztabaida bultzatzea; bestetik, berriz, elkarbizitzaren ingurukoa, kanpora begirakoa». Horren erakusgarri, 2014tik 2017ra foroak sustatutako hamabost ekitaldi publikoak.

Hala ere, azaldu dutenez, zortzi urte hauetan une konplexuak igarotzea ere egokitu zaie foroko kideei: «Lorpen handienetako bat, barruan, eztabaidatzeko eta hausnartzeko sortutako konfiantzazko eta errespetuzko giroa izan da. Gure bizitzetako une kritikoak eta gogorrak partekatu ditugu, baina beti ez da erraza izan barruak hustea eta parekoa entzutea». Eta azkenean, foroko kideen esanetan, «eman zezakeen gehiena eman du».

Webgunea eta azken testua

Kultur etxeko azken saioan, Tolosako Bizikidetza Foroak burututako lana modu kronologikoan eta grafikoan jasotzen duen webgune berria aurkeztu zuten: Bizikidetzaforoatolosa.eus. Denbora-lerro bat ikus daiteke bertan; taldeak urtez urte antolatutako ekitaldiekin, prozesuaren kronikekin eta bizikidetzari lotutako zenbait mugarrirekin.

Ekitaldiaren amaieran, denen artean adostutako Kontakizun etikoa izeneko itxiera testua irakurri zuten Arantxa Izagirrek eta Sergio Ceberiok. «Tolosan sufritu izan diren askatasun faltak, jazarpenek, errespetu falta mingarriek eta urraketek, neurri batean, indarrean jarraitzen dute gaur egun ere», ohartarazi dute.

Horrek guztiak, bizilagunen arteko harremanetan, «haustura sakonak eta lubakiak» sortu dituela gaineratu zuten. «Gure artean gureak eta besteak identifikatzeko dinamika nagusitu da». Dinamika hori hausteko asmoz hasi zen lanean foroa eta, bide horretan, funtsezkoa iruditzen zaie biktima guztiei «egia, justizia eta erreparazio eskubideak» aitortzea. «Denen sufrimendua geure egin nahi dugu», nabarmentzen dute testuan.

Tolosako Bizikidetza Foroaren partaideen artean gertatu bezala, «gizartean ere existitzen diren ikuspegi ideologiko desberdinen arteko desberdintasunak» kudeatzea erronka handia dela azaldu zuten: «Bakoitzak bere ikuspegitik egungo desadostasun politiko zehatzei erantzuteko modu desberdinak ditu. Hala ere, eta horri uko egin gabe, desadostasun ideologikoak kudeatzeko modu arautuaren beharra partekatzen dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!