Zikloia abiatuko dute etzi Tolosan

Ataria 2021ko aza. 3a, 07:58

Aurten Antzeztaun jaialdiaren 10. urteurrena ospatzeko egin zuten zirku gala; Antzeztaunen aritu zirenetako kide batzuk Zikloian izango dira aurten

Ostiralean May Gorostiagak ipuin kontakizuna eskainiko du; Azaroaren 20an Ataungo kondairak emango dituzte eta abenduaren 4an egingo da 'Birakabareta'

ntujai antzerki taldeak, duela 12 urtetik antolatzen duen formatu txikiko antzerki jaialdia da Zikloia. Aurten azaroaren 5etik abenduaren 4ra egingo dituzte ekitaldiak eta ohi bezala ezohiko aretoetara eramango dituzte ikuskizunak. May Gorostiaga Intujai taldeko kideak argitu duenez kultur etxe, taberna eta auzo etxeetan eskaintzen diren emanaldiei begiratzen diete antolatzaileek artistei Zikloia jaialdirako gonbidapena egiteko. «Kontrako bidea ere egiten dugu, bestela Topic bezalako areto batean aritzea oso zaila izango luketen artistei aukera ematen diegu Birakabareta bezalako emanaldi batean parte hartzeko», aipatu du Gorostiagak.

Hamabi urte dira Zikloia antolatzen hasi zirela eta hirugarren ediziorako hasi ziren Birakabareta antolatzen. Aurten, hortaz, 10. urteurrena izango du ikuskizunak. «Urtez urte finkatzen joan den ekitaldia da eta aurtengoa ere indartsu dator. Erritmo handia izaten du ikuskizunak eta oso arin joaten da. Aurkezpen umoretsuak egiten ditugu eta seguru gaude aurtengoak ere aho zabalik utziko duela ikuslea».

Kabaretaren itxura hartzen du emanaldiak eta aurten, Amarozko klown taldeko kideak, Pailaztana taldeko helduak eta gazteak ariko dira emanaldian. Numen dantza eskolakoek ere hiruzpalau pieza eskainiko dituztela eta hiru artista «handi» gonbidatu dituztela jakinarazi du Gorostiagak: Gorka Pereira, Pablo Caceres eta Imanol Suso. «Oso trebeak dira hiruak malabarrekin eta zirkuko akrobaziekin». Abenduaren 4an Topic aretoan egingo dute Birakabareta 19:30ean hasita eta sarrerak 10 euro balioko du.

GERTUTASUNA ETA ZUBI LANA

Zikloia itxiko duen emanaldiaren aurretik beste bi saio antolatu ditu Intujai antzerki taldeak. Ostiral honetan, Amarozko auzo-etxean May Gorostiaga bera ariko da gazte eta helduentzako Nire munduan ipuin kontakizunarekin: «Galizian Atlantika nazioarteko narratzaileen jaialdian aurkeztu nuen uztailean, eta konturatu ginen, Tolosan oraindik ere eskaini gabe genuela. Horregatik sartu dugu programazioan. Nik sortutako ipuinak dira eta modu goxo batean fantasiaren mundura bidaiatzeko aukera ematen dut. Nik nire buruan mundu asko ditut, baina iruditzen zait besteen munduekiko ez direla hain ezberdinak, beti izaten ditugu elkarren arteko konexioak».

Hain justu, zubi lana aipatu du Gorostiagak Amarozko auzo-etxean azaroaren 20an izango den emanaldia aurkezteko. Monika Arratibelek eta Maitane Aizpuruak haurrentzako Ataungo kondairak lana eskainiko dute, 17:00etatik aurrera. «Iruditzen zitzaigun Ataungo istorioak handik kanpora zabaltzeko modukoak direla eta Monika eta Maitanek berehala eman ziguten baiezkoa».

Intujai antzerki taldeak Ataunen ospatzen den Antzeztaun jaialdiaren antolakuntzan parte hartzen du. Aurten 10. urteurrena ospatu du jaialdiak: «Urte hauetan 100 artista baino gehiago pasa dira bertatik eta erraz esaten da hori. Ataunen badago mitologia, antzerkia eta kondairekiko tradizioa. Urteak dira jentilen harrera egiten dutela han. Pentsatzen dugu polita dela Zikloiaren eta Antzeztaunen arteko zubiak eraikitzea». Horretarako lehen harria jarriko dute aurten.

Koronabirusaren eraginez, neurri batean etenda egon dira formatu txikiko emanaldiak eta Gorostiaga gogoz agertu da berriro ere ohiko moduetan aritzeko. «Neurri guztiak errespetatuko ditugu Zikloian, beti bezala txukun ariko gara, baina gogoz gaude aretoak berriro jendez gainezka ikusteko». Artistek ikusleekiko gertutasunaren beharra dutela esan du Intujai taldeko kideak.

Eta hain zuzen, gertutasun hori jo du Zikloiaren ezaugarri nagusitzat Gorostiagak. «Ikuskizunaren bukaeran ikusleak artistarekin lasai hitz egin dezake. Horrelakoetan solasaldi eta momentu politak sortzen dira. Guretik sortua eta guretzako den jaialdi bat da Zikloia». Bertatik bertarako harreman hori bizitzeko aukera izango da ostiraletik aurrera formatu txikiko antzerki jaialdian.

ZIKLOIA

Azaroak 5, ostirala

20:00. Amarotzeko auzo-etxean heldunetzako Nire munduan lana eskainiko du May Gorostiagak.

Azaroak 20, larunbata

17:00. Umeentzako Ataungo kondariak izeneko lana eskainiko dute Monika Arratibelek eta Maitane Aizpuruak Amarotzeko auzo etxean.

Abenduak 4, larunbata

19:30. Topic-en Birakabareta 21 ikuskizunean izango dira: Pailaztana, Pailaztana junior, Numen dantza eskola, Gorka Pereira, Pablo Caceres eta Imanol Suso.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!