Lan eskerga daukagu oraindik egiteko

Erabiltzailearen aurpegia Nekane Artolazabal Royo 2021ko aza. 7a, 20:58

Hogeita hamabost bat urte badira bizikletan lehiatzen hasi nintzela. 80ko hamarkada zen, eta garai hartan ez zen arrunta emakumeak bizikleta gainean ikustea. Baina inguruan banuen eredurik: Txitxi, Josune Gorostidi, Dina zena... Haiek bizikletaz ibiltzen zirelako hasi nintzen ibiltzen ni. Zer ikusi, hura egin.

Oriako Txirrindulari Eskolan izena eman eta mutilekin entrenatzen hasi nintzen. Gerora, emakume gehiago hurbildu zen eskolara; horrela sortu zen Oriako Txirrindulari Eskolako emakumeen taldea. Taldeko zuzendaria, aita. Eskerrik asko oparitutako ordu eta ahaleginengatik!

Garai hartan janzten genituen elastiko eta kulotak zabalegiak ziren, ez baitzegoen gure gorputzera egokituko zen arroparik. Baina berdin zitzaigun. Egia esan, ez dakit berdin zitzaigun edo ez. Kirol hura gizonena zen nagusiki, eta burutik pasa ere ez zitzaigun egiten guretzat propio egindako arropa eta bizikletekin hobeto ibil gintezkeenik.

Parte hartzen genuen lasterketetan: emakumeontzako probetan eta, denboraldia osatzeko, mutil kadeteekin lehiatzen ginen. Jende gutxi izaten zen errepide bazterretan gu ikusten, eta zenbaitetan komentario desatseginak entzun behar izaten genituen: «Emakumeak, sukaldera!» edo «Nora zoaz, ipurtandi hori?». Ohituta geunden halakoak entzutera. Amorrua irentsi eta aurrera.

Behin, Aduna inguruan entrenatzen nenbilela, auto bat jarri zitzaidan parean. Bi mutil zihoazen. Kopilotuak besoa leihatilatik atera eta ipurdian eman zidan. Sast! Inor ez inguruan. Zorionez, berehala egin zuten alde; ez, ordea, gertakizun hark eragin zidan beldur eta inpotentzia.

Ordudanik egoera zertxobait aldatu da, eta gizonenak ziren espazio batzuk gure ere egin ditugu: emakume asko ikusten da Euskal Herriko errepideetan bizikletan, gure gorputzera egoki moldatzen den kirol arropa dago merkatuan, futbol talde profesionalak…

Baina gizonezko batzuk badirudi oraindik ez direla aldaketaz jabetu, edo ez dutela jabetu nahi. Duela aste batzuk, adibidez, Karolina Sarasuak eta taldekideek mehatxuak jaso zituzten futbol partida bat jokatzen ari zirela. «Bortxatuko zaituztegu, zu eta zure taldekideak!». Halakoak entzun behar izan zituzten mutil gazte batzuen ahotik.

Txalotzekoa da jokalari gaztearen ausardia: sare sozialen bidez salatu zuen gertatutakoa. Baina halako oihu, mehatxu eta komentario nazkagarriak egin zituztenek norengandik ikasi zuten halakoak pentsatzen eta esaten? Lan eskerga daukagu oraindik egiteko!

"Bide batez, Aduna inguruan ikaratu ninduten haiek, agian, guraso bihurtuko ziren gerora. Berdintasunean eta errespetuan heziko al zituzten seme-alabak?"

Bide batez, Aduna inguruan ikaratu ninduten haiek, agian, guraso bihurtuko ziren gerora. Berdintasunean eta errespetuan heziko al zituzten seme-alabak?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!