Ordu aldaketa

Erabiltzailearen aurpegia Alex Padilla 2021ko aza. 6a, 20:58

Gorroto dut ordu aldaketaren mobida guzti hau. Nekatuago, suminduago edo kontzentrazioa lortzeko zailtasun gehiago izaten dut egun hauetan. Hori gutxi balitz, apatiko eta triste jartzen naiz. Azken batean… zeharo aldatzen du nire gorputzaren biorritmoa.

Adituek diote normala dela eta nork bere erara bizi duela. Ez dakit hau benetan horrela den edo ez, baina astebete baino gutxiago daramagu ordua aldatzera behartu gintuztenetik eta jada nazkatuta nago.

Ez al zuten ba ordu aldaketaren asunto honekin amaitu behar? Hori irakurri nuen ba nik nonbaiten. Zein arrazoi dago ordua aldatzearen atzean? Bada energiaren aurreztea argudiatzen duenik edota interes ekonomikoak ikusten dituenik ere. Hego Euskal Herriaren kasuan, Franco diktadoreak ere izan zuen zerikusia, Bigarren Mundu Gerrako bonbardaketak koordinatzeko erabaki zuten ordua aldatzea.

Herriak bozka dezala ordu  aldaketaren alde edo kontra dagoen.  Tontakeria bat ematen du baina niretzat gai serioa da.

Ok, ados arrazoi edo argudio horiekin, baina hau ezin al dugu bozketa/referendum batean erabaki? Herriak bozka dezala ordu aldaketaren alde edo kontra dagoen. Tontakeria bat ematen du baina niretzat gai serioa da.

Ez naiz goiz esnatzen den pertsona horietako bat eta beraz, ez ditut ordu aldaketa horren onura zuzenak ikusten. Aldiz, lanetik atera eta dena ilunduta egotea? Zer onura du horrek? Energia aurreztearena? Benetan ez dudala ezer ulertzen!

Astean zehar ezingo naiz mendira joan ez baldin banaiz goizeko zazpietan jaikitzen eta lanera joan aurretik joaten. Ezingo dut paseotxo bat eman eguzki izpiak aurpegian ditudala… A ze tristura!!

Aitortu beharra daukat neguko errutina/monotonia hori ez zaidala asko gustatzen. Urteko hilabete triste eta gogorrenetan sartuko gara orain eta beharbada… beldur naiz ez ote zaizkidan oso zailak egingo.

Joango naiz kontatzen… Bitartean ordu aldaketa honek ekarri dizkigun aldaketei ohitzea/egokitzearekin badut nahikoa lan. Azken ordu aldaketa izango ote?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!