Ezagutzen ditut bere oinaze, poz, haserre eta beldur adierazpenak. Hala ere, ez dakit zer ezkutatzen den ispiluaren aurrean bere lagunekin afaltzeko janzten den emakumearen begiradan, ez dakit zer pentsatzen duen ardo kopatik edaten duenean, ez dakit zer amets eramaten dituen ohera. Nire amaren zati bat dago, emakumearena, zeinek nire adimenari ihes egiten dion. Begiratzen diot, behatzen dut, baina nire begiradarako iragazgaitz dirau, nirekin partekatzen ez duen mundu batetik baztertua.
Berrogei urte ditut. Ama naiz, eta emakumea eta maitalea, eta profesionala eta beste emakume baten alaba eta beste baten biloba. Poliedrikoa naiz, eta diamanteak bezala, nire aurpegi guztiek ondo leunduta egotea behar dute distira egiteko, bitxi bilakatzeko (eta gogoeta asko egin behar izan dut harri koxkorretik harri bitxira pasatzeko, sinets iezadazue).
Emakumeoi denbora eta sufrimendua kostatu zaigu ohartzea ez dagoela bi emakume batean edo emakume erdi izatearen artean aukeratu beharrik; lehena, gehiegizko zamagatik, eta bigarrena erru-sentimenduagatik; ez dira luzarora gogobeteko gaituzten aukerak.
Amatasuna sakralizatzen jarraitzen dugu eta Maria Ama Birjina eredu gisa mantentzen jarraitzen dugu; perfekzio eredu bat, non seme-alaben izenean sakrifizioa meriturik handiena den emakume batentzat. Ai... noiztik esaten digu Simone de Beauvoirrek obulutegiak izateak ez gintuela behartzen belauniko bizitzera!
Gutako bakoitzak garatzen ditugun rol guzti-guztien arteko oreka eta oreka horrengan sinestea da Ama Birjina sindrometik eta kapitalismoaren atzaparretatik askatuko gaituena
Hutsune eta erru sentimendu hori sentitzen jarraitzen dugu lurralde pertsonaletan zehar gabiltzanean, gure bizitza publikoak pribatua bezainbeste aberasten gaituenean; strainetá deitzen zioten diferentziaren feminista italiarrek gizarte patriarkalean emakumeek bizi duten atzerritartasun-sentimenduari. Oraingo honetan saldu nahi diguten emakume irudi moderno eta independente berria ere (kontsumo kapitalistara bideratutako marketin-produktu berri bat) presio-elementu bat da: beren buruarengan eta beren irudi eta garapenean zentratuak, arrakastatsuak, estralurtarrak.
Gutako bakoitzak garatzen ditugun rol guzti-guztien arteko oreka eta oreka horrengan sinestea da Ama Birjina sindrometik eta kapitalismoaren atzaparretatik askatuko gaituena. Gure alabak askatuko ditu, izan nahi duten guztia izateko aukera merezi dutelako, beren seme-alabei traizio egiten dietela senti ez dezaten, edo, okerrago, beren buruari traizio.