Loreak hartu eta hilerrietara bisita, Santu Guztien Egunean

Ataria 2021eko azaroaren 1a

Ondoan ez dauden hurbilekoak gogoratzeko eguna da gaur, azaroaren 1a; jai eguna izanik, hilerrietara jendetza joan da loreak eraman eta gertukoenen memoria egitera.

Santu Guztien Eguna da gaurkoa. Hilerrietara joateko eguna, hurbileko hildakoak bisitatzekoa. Eta eskualdeko hilerriak bisitariz bete dira; gehienek eskuetan loreak eta gisa horretako apaingarriak eraman dituzte, gertukoenen memoria egin eta ingurua apaintzeko. 

Batzuk, aurreko egunak aprobetxatu dituzte loreak erosi, inguruak garbitu, txukundu eta gaurko egunerako guztia prest izateko. Baina beste askok goizean bertan erosi dituzte loreak, jai eguna izanagatik, loradenda asko zabalik daudelako.

Tolosako eta Amasako hilerrietara joateko udalek autobus zerbitzuak jarri dituzte. Tolosako kasuan, atzo eta gaur Hiribusaren zerbitzu berezia eskaintzen ari dira. Amasan ere, garraio publikoan hilerrira iristeko autobus zerbitzu doakoa jarri du Amasa-Villabonako Udalak, herritarrentzat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!