Datorren urtean bai

Ataria 2021eko urriaren 30a

Aurten ere ez da Goxua azoka berezia egin, baina hitzordu hori ez ahazteko, Tolosako artisau-gozotegietan palmeratxoak banatu dituzte.

Hain justu, Goxua azoka berezia antolatzen duten Saizar, Gozona-Ibañez, Rafa Gorrotxategi eta Eceiza artisau-gozotegietan banatu dituzte gozoak, 300 inguru bakoitzean. Gozona-Ibañez gozotegiko Rakel Ibañezek azaldu duenez, gaurko eguna "tristura pixka batekin" bizitu dute: "Ez egiteko erabakia hartu eta bi astetara normaltasunean geundela eta azokak martxan jarriko zirela jakin genuen, eta gurea geratu da ez aurrera ez atzera". Iaz ere ezin izan zuten egin, eta aurten espero zuten egiteko aukera izango zutela, baina azkenean ez da posible izan. "Datorren urtean seguru betiko martxa hartuko dugula eta behintzat kalera ateratzeko eta postuak jartzeko aukera izango dugula", esan du Ibañezek.

Bezeroek, bere aldetik, eskertu dute gozoa jasotzea. "Palmeratxoa ematerakoan segituan konturatzen da jendea, gaur berez azoka berezia izango zela, eta asko eskertzen dute detaile hori izatea", esan du Ibañezek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!