"Jasandako erasoa" salatu dute Tolosaldeko Itaiak eta Tolosako Gazte Asanbladak

Ataria 2021ko urr. 29a, 19:33

Agerraldia egin dute bi taldeek, prestakuntza saio bat egiten ari zirela urtarrilean identifikatuak izan zirela azalduz eta ondoren isunak jarri zaizkielako "osasun publikoaren eta segurtasunaren izenean".

Zehazki, urtarrilaren 31n prestakuntza saio bat egin zuten Tolosako Ezpala gaztetxean. "Polizia bertaratu eta identifikatuak izan ginen, osasun publikoaren eta segurtasunaren izenean, COVID-19ari dagozkion osasun neurri guztiak betetzen ari ginen arrean", azaldu dute Tolosaldeko Itaia eta Tolosako Gazte Asanbladako kideek. Hilabete batzuk beranduago isunak jaso zituztela salatu dute, lau pertsona biltzeko muga gainditzeagatik eta "agintaritzari desobedientzia" egotzita. Orain, multa gehiago iritsi zaizkiela salatu dute, eta guztira 3.900 eurotik gora ordaintzea exijitzen dietela.

"Agerian geratu da pandemian zehar ezarritako segurtasun neurrien izaera politikoa", esan dute agerraldian. "COVID-19aren transmisioa gelditzeko baino, askatasun politikoen ezabapenaren bidez langileriaren antolakuntza politikoa oztopatzeko balio izan dute. Lantokiak, eskolak, garraio publikoa zein kaleak "jendez gainezka zeuden bitartean, hilabete luzez debekatu digute bilerak edota formakuntza saioak egitea". Antolakuntza politikoa "alderdi burgesen luxuzko eskubide" bilakatu dela diote, osasuna aitzakia bezala hartuta. "Honen aurrean, parlamentarismoaren mugetatik kanpo politika egiteko askatasunaren defentsan berresten gara".

Gertatutakoa ez dutela kasu isolatu bezala ulertzen gaineratu dute. "Erraki-ren bitartez behin baino gehiagotan salatu izan dugun bezala, ugariak izan dira pandemian zehar Langile Kontrolpeko Espazioetan burutzen den jardun politikoaren aurkako erasoak". Ezpalaren aldeko borrokan "etengabe adierazi" zutela zehaztu dute: "Espaziorik gabe antolatzerik ez dago". Langile Kontrolpeko Espazioak "ezinbesteko azpiegitura" direla diote "politika iraultzailea" aurrera eramateko, eta espazio horien defentsa askatasun politikoen defentsa ere badela gaineratu dute.

Bestalde, Tolosako Udalak Ezpalarekiko izandako jarrera seinalatu nahi dutela azaldu dute: "Presentzia poliziala, identifikazioak eta jardun politikoa oztopatzeko saiakera desberdinak jasan behar izan ditugu, eta horren aurrean, udalak ez du ezer egin, hasiera batean prestutasuna adierazi bazuen ere". Arazoa ez dela eskumen faltan kokatzen diote, "borondate faltan baizik, eta beste alde batera begiratzea Ezpalaren zein bertan aurrera eramaten den jardunaren aurka egitea dela ulertzen dugu".

Tolosaldeko Itaiak eta Tolosako Gazte Asanbladak "proletalgoaren alde lan politikoa egin eta gaitasuna antolatzen jarraitzeko konpromiso osoa" adierazi dute. Bide batez, datorren hilabeteetan ekimen desberdinak jarriko dituzte martxan, isun ekonomikoari aurre egiteko helburuarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!