Aurrekontuak herritarrekin lantzeko saio berria egingo dute azaroaren 3an

Ataria 2021eko urriaren 29a

Politika publikoak, aurrekontuak eta herriaren etorkizuna herritarrekin elkarlanean lantzen eta eraikitzen jarraitzea dela helburua esan du udalak; kultur etxean izango da saioa, udal teknikariekin, udal ordezkari politikoekin eta herritarrekin batera.

"Udalaren eta herritarren arteko elkarrizketa urte osora zabaltzeko eta udal aurrekontuak modu parte hartzaileagoan lantzeko helburuarekin", aurrekontuak lantzeko metodologia berria martxan jarri du aurten Tolosako Udalak.

Egitasmo zehatzen inguruan jardun baino, unean uneko erronkak edo beharrak aztertzeko helburuarekin abiatu dute metodologia berria, indarrak non jarri eta lehentasunak zein diren elkarlanean identifikatze aldera.

Gauzak horrela, lehenik eta behin udal gobernuak datorren urterako fokoak zehaztu zituen eta horiek teknikariekin kontrastatu eta osatu ziren, ondoren, gainerako alderdi politikoei aurkezteko, ekarpenak egiteko aukera emanez. Azkenik, ekainean herritarrekin partekatu ziren indar-foko horiek tolosarren ekarpenak ere jasotze aldera.

Denbora honetan, jasotako ekarpenen baitan entzute ariketa egin dutela udal sail desberdinen aldetik azaldu du udalak, eta orain, herritarrekin egingo den saio berrian udal barruko lanketaren berri emango da. "Herritarren ikuspegitik, lan hori aberasteko eta osatzeko ko-sorkuntza ariketa egingo dute, dagoeneko udaletik aurreikusia dauden proiektuetatik eta zehaztutako fokoetatik abiatuta, lankidetza publiko-komunitarioa sustatzeko".

7 indar-foko datorren urtera begira

Orain arte landu denari eta jasotako ekarpenei erreparatuz, tolosarrek 2022. urtean arreta berezia honako esparruetan jartzea eskatu diote Udalari: Administrazioaren arintasuna eta gerturatze beharra; zaintza komunitarioa, adinartekotasuna; osasun eta bizi ohiturak; gazteak; bertakoa, Tolosakoa; aldaketa klimatikoa; indarkeria matxista eta LGTBI-fobiak.

Datorren asteazkenean, azaroaren 3an egingo duten saioa lan saia irekia izango da. Kultur etxeko areto nagusian egingo dute, 18:00etatik 20:00etara, eta bertan udal teknikariek, udal ordezkari politikoek eta herritarrek parte hartuko dute. Udaletik esan dutenez, helburua  da politika publikoak, aurrekontuak eta herriaren etorkizuna herritarrekin elkarlanean lantzen eta eraikitzen jarraitzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!