ELKARRIZKETA

«Nire helburua taldea zein jokalari bakoitza hobetzea da»

Imanol Garcia Landa 2021ko urr. 27a, 19:59

Esteban Herrador, Tolosa Eskubaloia taldearen partida batean.

Talde oso gaztea du Tolosa Eskubaloiak eta harrobiko jokalariekin egiten ari da aurrera Esteban Herrador entrenatzaile berria: «Azken urteotan harrobia oso ondo landu da klubean».

Entrenatzaile berria du denboraldi honetan 1. Maila Nazionaleko Tolosa Eskubaloia taldeak: Esteban Herrador (Leganes, Espainia, 1974). Jokalari bezala hainbat urtetan aritu zen, eta entrenatzaile bezala bere herriko klubean gazte mailako taldeekin. Orain urte batzuk Ordiziara joan zen eta bertan entrenatzaile-jokalari moduan egon zen. Ondoren, epaile bezala ere aritu da. Egun Zaldibian bizi da, Larraiztik gertu dagoen baserri batean. Aurreko bi denboraldietan Tolosa Eskubaloia taldearen bigarren entrenatzaile izan da.

Zer suposatu zuen zuretzat taldeko lehen entrenatzailea izateko eskaintza jasotzeak?

Ardura horri ezingo niola aurre egin pentsatu nuen hasieran. Gero, ikusirik aurreko bi urteetan Jonekin [Iraola] bigarren entrenatzaile izan nintzela, pentsatu nuen egin ahalko nuela. Azkenean baiezkoa eman nuen, eta gogo eta konpromiso handiz hartu nuen ardura. Jokalari bezala maila honetan arituta nengoen, baita ohorezko B mailan ere, baina entrenatzaile bezala ez nuen senior talde bat maila honetan hartu. Beraz, entrenatzaile moduan orain arteko nire erronka handiena da.

Nola joan da denboraldi-aurrea?

Jokalariekin elkar ezagutzen ginen aurretik, eta jokoa Jonekin egiten genuen antzekoa da; nik buelta batzuk eman dizkiot, niri gustatzen zaizkidan gauza batzuekin. Besteak beste, defentsa arloan aldaketa batzuk eginez, jokalariak galdu ditugulako. Kontuan izan behar da adin aldetik oso gaztea dela taldea, eta gainera altuera eta pisu aldetik txikiak gara, eta hori da gure erronka handienetakoa. Gure ligako edozein taldek 1,90 metrotik gorako eta 100 kilo baino gehiagoko jokalariak ditu. Horregatik, lehen egiten ez genituen defentsa mota batzuk egiten ari gara.

Nolako jokoa egiten duzue?

Gure jokoa defendatu eta gero korrika ateratzean oinarritzen da. Gure helburua izaten da gola ahal den azkarren sartzea, besteen defentsak bere lekua hartu baino lehen.

Hiru baja izan dituzue, eta zenbat alta?

Jubenil mailako bat jokatzen ari da gurekin, eta lurralde mailako taldetik jokalariak hartzen ditut partidetarako. Hamabi fitxa ditut lehen taldean, eta hamaseik jokatu dezakete, eta horregatik jende gazteari aukera ematen diot. Azken urteotan harrobia oso ondo landu da klubean, jokalari on asko atera dira eta horiekin ari gara aurrera egiten. Jon entrenatzaile zela talde gaztea bagenuen, orain are gazteagoa dugu.

Ligari begiratuz, azken jardunaldian Jacar San Antonioren aurka galdu zenuten.

Baja asko izan genituen, eta hamahiru jokalari bakarrik joan ziren. Oso gaizki hasi ginen; egia esan, azken hiru partidetan gaizki hasi gara. Atsedenaldirako buelta ematea lortu genuen, eta bigarren zatian berdinduta egon ginen gasolina bukatu zitzaigun arte.

Orain arte bi partida irabazi eta hiru galdu dituzue, eta hamargarren postuan zaudete. Nola ikusten duzu ligaren hasiera?

Oso ondo hasi ginen lehen bi partidetan, baina azken hiruretan beheraldia izan dugu, horietako bat irabazi bagenuen ere. Azken norgehiagoketan kostatzen ari zaigu partidaren dinamikan sartzen, eta, ondorioz, golak sartzen hastea. Gero, golak sartzen hasten garenean, gehiago soltatzen gara eta aurrera egiten dugu. Partidetan momentu onak eta txarrak izaten ditugu eta erregularragoak izaten saiatu behar gara. Jokalarien aldetik kontentu nago, egiten ari diren lanarekin, erakusten ari diren gogo eta konpromisoarengatik. Eta entrenatzaile bezala oso kontentu nago jokalariek nola tratatzen nauten ikusita. Luxua da beraiei entrenatzea.

Zer helburu dituzue denboraldirako?

Aurreko denboraldian seigarren gelditu ginen, eta zerbait antzekoa errepikatzea gustatuko litzaidake. Badakit zaila dela, daukagun talde gaztearengatik. Halere, sailkapenetik harago nire helburua taldea zein jokalari bakoitza hobetzea da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!