Bizikidetza Foroaren amaiera ekitaldia egingo dute

Ataria 2021eko urriaren 27a

Azken urteetan egindako lanketa jasotzen duen webgunea aurkeztuko dute, kultur etxean 18:30ean hasiko den ekitaldian.

Tolosako Bizikidetza Foroaren ibilbideari amaiera emango diote, eta azken ekitaldia osteguna, hilaren 28an, egingo dute Tolosako kultur etxean. 18:30ean hasiko den ekitaldian, urte hauetan egindako lanketa jasotzen duen webgunea aurkeztuko dute.

Tolosako Udalak azaldu duenez, Tolosako herriak urteak daramatza bizikidetza lantzen: «2006. urtean hasi zuen udalak memoria berreskuratzeko lanketa, Tolosan izandako eta tolosarrek pairatutako indarkeria eta giza eskubideen urraketen inguruko egia ahalik eta modu zabalenean ezagutu eta dokumentatze aldera, eta 2013an jarri zen martxan Tolosako Bizikidetza Foroa, tolosarren parte hartzearekin, bizikidetzaren aldeko urratsak ematen jarraitzeko».

Azken urteetan, udalak batetik, eta Bizikidetza Foroaren bidez bestetik, hainbat ekitaldi antolatu dituzte «bizikidetzaren alde urratsak egiten jarraitzeko». Horren erakusle, San Frantzisko pasealekuan kokatutako Elkarri begira izeneko eskultura edota Literatura, gatazka eta memoria izenburupean egindako mahai ingurua.

Orain, herritarrez osatutako Tolosako Bizikidetza Foroaren ibilbideari amaiera emango diote, eta horretarako, foroaren azken ekitaldia egingo dute Tolosako kultur etxean. Ekitaldian, azken urteetako lanketa jasotzen duen webgunea aurkeztuko dute, bertan dokumentatu baitute urteetan zehar Bizikidetza Foroak egindako lana modu bisualean eta kronologikoki.

Helburua da orain arte egindako lana jaso eta herri mailan ezagutzera ematea, desberdinen arteko elkarrizketa prozesuak balioan jartzeko. Azken ekitaldian urte hauetan egindako hausnarketak jasotzen dituen azken testua ere partekatuko dute eta ekimenean parte hartu duten pertsonei eskerrak emango zaizkie.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!