"Tolosak berezkoa duen dinamismoa berreskuratzeko ari gara lanean"

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 25a, 13:39

Babarrunaren azoka, Gabonetako azoka eta inauteriak ospatuko direla azaldu du Olatz Peon Tolosako alkateak, "eragileekin batera modu seguruan nola antolatu aztertuta". Urratsak pixkana eman behar direla gogoratu du, "birusa oraindik ez baita desagertu".

Ekitaldiz beteriko garaia izan ohi da udazkena Tolosan, eta azken urteetan ospatu edo antolatu ez diren ekitaldiak berriro ere pixkana berreskuratzen hasiko da. Hala, Goxua azoka ez da ohiko moduan ospatuko, baina, Babarrunaren festa eta Gabonetako azoka berezia egitea aurreikusten du udalak. Baita datorren urte hasieran egokitzen diren inauteriak ere, nolakoak izango diren argi ez badute ere.

Olatz Peon alkateak esan duenez, "normaltasunerantz aurrerapausoak ematen ari garen garaian gaude", bai kultur nahiz kirol arloan. Hala, udalean lanean ari direla esan du, "herriak berezkoa duen dinamismoa berreskuratzeko, baina, oso argi edukiz, indarrean dauden osasun arauak errespetatzen jarraitu behar dugula, eta une oro dagokion osasun egoerari erreparatu behar dugula". Horregatik, urratsak pixkana eman behar direla adierazi du Tolosako alkateak, "birusa oraindik ez baita desagertu". 

Beraz, Tolosa ohiko jarduera berreskuratzen joango da, azoka bereziekin, Gabonetako jarduerekin edota inauteriekin. Izan ere, alkatearen esanetan, horiek guztiek "garrantzi berezia" dute tolosarrentzat: "Batu egiten gaituztelako, balio sinboliko, emozional eta kolektibo bat dutelako". Egoerari egokitzeko gaitasuna izan duela azken hilabeteetan Tolosak esan du Poenek, eta esperientzia hori erabili behar dela orain jarduerak antolatzeko, "bakoitza aztertu eta modu seguruan nola aurrera eraman eragileekin batera aztertuz".

Dagoeneko berreskuratu diren ekimenen artean, Abesbatza Lehiaketa nabarmendu du, eta aurrera begira, esan du pasa den astean egin zituztela lehen bilerak Gabonetako jarduerak antolatzeko, eta datorren astean aurreikusten dutela inauterietako eragileekin biltzea egoera ikusi eta datorren urteko inauteriak irudikatzeko. "Zaila da une honetan ohiko inauterietan pentsatzea, baina eragileekin hasiko gara biltzen, eta denon artean erabakiko dugu". Hori bai, inauteriak egingo direla argi du: "Ez dut aurreikusten inauteririk gabeko beste urte bat".

Nerea Letamendia Tolosako Udaleko azoketako zinegotziak azaldu duenez, momentuko osasun egoera kontuan hartuz aritu dira lanean, eta une honetan urte bukaerako jarduerekin ari dira. Hiru baldintza hartzen dituzte kontuan azoka berezi edo ekitaldi handi bat antolatzea erabakitzeko orduan: espazioa, indarrean dauden osasun baldintzak eta  jarduerak antolatzean aurrez jarraitu beharreko prozedura administratiboa. 

Azoka bereziei dagokienez, irailean garagardo azoka egon ohi dela esan du Letamendiak, baina, aurten ez dela posible izan: " TAKE da antolatu ohi duena, eta beraiekin ekainean egin genuen bileran adostu genuen irailean azoka ez egitea". Mikologika azoka, berriz, Kasino elkartekoekin hitz egin eta gero erabaki zuten ez egitea. "Hori bai, iragan asteburuan ekimenari keinu bat eginez perretxikoak biltzen eta sailkatzen egon zen herritar talde bat Aranzadi elkartekoekin batera".

Goxua azokari dagokionez, ekainean egin zuten lehen bilera gozogileekin eta irailean bigarrena. "Azokako postuak irailerako esleituta egon ohi dira, eta kasu honetan ez zen posible ikusten. Dena den, larunbat honetan keinu bat egingo zaio Goxuari, eta Tolosa Turismoko sareetatik herritarrei bertako gozotegietara joateko deia edo gonbidapena egingo zaie". Tolosa Gourmetek gozogintzaren inguruko lan antropologikoa egin duela ere azaldu du azoketako zinegotziak, eta lan horrekin datozen urteetan "zerbait polita" egin ahalko dutela.

Babarrunaren festa babarrunaren kofradia, elkartea, Gure Kaiola elkartea eta udalak antolatzen dute elkarlanean. Duela hiru aste elkartu ziren, eta lehiaketa, bai ekoizleena bai eta gastronomikoa ere egitea erabaki zuten. Azaroaren 20an izango dira biak, espazio berean, eta produktua eta ekoizlea goraipatuko dituztela azpimarratu du Letamendiak. Asteburu horretan Frisoi txapelketa ere egingo dute.

Gabonetako azoka bereziari dagokionez, hori ere egingo dute, eta une honetan kokagunea eta zenbat postu hartuko dituen zehazten ari dira.

Bestalde, kirol jardueretan, Migel Soroa pilota txapelketa martxan jarriko dute azaroan, berritasun moduan Euskadiko aizkolari txapelketa hartuko du Tolosak azaro bukaeran eta abendura begira, Shanti txapelketa eta urte bukaerako San Silvestre krosa ere berreskuratuko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!