Iñaki Lopetegi omendu dute

Leyre Carrasco 2021ko urr. 24a, 13:09

Guztira 84 txirrindularik parte hartu dute goizean Tolosan izan den erlojupekoan, uztailean hil zen argazkilariari omenaldia egiteko.

Istripu baten ondorioz hil zen uztailaren 16an Iñaki Lopetegi Agerremedia. Ofizio eta afizio zituen txirrindularitza eta argazkilaritza, eta bizikletaren gainean ez bazen, txirrindularien artean ibili zen denbora luzez. Bere memoria bizirik mantendu nahian, jendetza bildu da goizean Tolosako Euskal Herria Plazan. Senideak, lagunak eta ezagunak ez ezik, 84 txirrindulari izan dira omenaldian antolatuta zegoen erlojupekoan parte hartu dutenak, gainera.

Euskal Herria plazatik abiatuta 3,5 kilometroko erlojupekoa antolatu dute, hain zuzen ere. Emakumeak, gizonak eta kadeteak izan dira bertan parte hartu dutenak; hasi berriak nahiz izen handikoak. Guztiek edo gehienek Lopetegik ateratako argazkia etxean gordeta dutela adierazi dute, eta gaur hura omentzeko elkartu dira guztiak batera. Hala ere, emozioak baino gehiago ongi pasatzeko asmoarekin daudela  jakinarazi du Abraham Olano txirrindulariak: "Iñaki ezagututa, bere desioa izango litzateke gure artean giro ona egotea eta gaur ondo pasatzeko eguna izatea".

Koloreen artean bizirik

Arantxa Orbegozo Txitxi bezala ezaguna den lagun eta artistak ere parte hartu nahi izan du gaurko omenaldian. Ostiralean marrazten hasi zen murala eskaini dio Lopetegiri, eta gaur amaitu du lana Euskal Herria plazan. "Nere sentimenduak adierazteko era koloreak dira, eta beharra izaten dut norbait joaten denean hari margotzea. Ez dut bakarrik margotzen. Marrazten ari naizen bitartean hizketaldi luzeak izaten ditut. Iñakik eta biok elkarrekin negar egin dugu margotu bitartean, parra egin dugu eta gogoeta asko etorri zaizkigu gogora. Niretzat prozesua izan da polita", kontatu du Orbegozok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!