Aldaketa klimatikoari aurre egiteko proposamenak egin ditzakete herritarrek

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 22a, 13:51

Aldaketa Klimatikoari Aurre Egiteko Tokiko Planaren zirriborroa aurkeztu du Tolosako Udalak, eta herritarrek euren ekarpenak egin ditzakete.

Tolosako Udaletik azaldu dutenez, lanean dihardu "Tolosa jasangarriagoa bihurtzeko, tokikotasunetik energia eta klima trantsizioari erantzuteko helburuarekin". Zentzu horretan, Aldaketa Klimatikoari Aurre Egiteko Tokiko Plana garatzen ari da, eta irailaren 29an aurkeztu zuen zirriborroa tolosarren aurrean, bilera ireki batean. Planaren zirriborroak hiru atal nagusi ditu: testuingurua, aldaketa klimatikoak Tolosan izango dituen eragin nagusien azterketa eta eraldaketarako proposatzen diren ekintzak.

Azken urteetan hainbat konpromiso hartu dituela esan du udalak, Tolosa herri jasangarriagoa bihurtzeko: Klima-aldaketaren aurka egiteko udal-ordenantza onartu zen 2009an, Alkateen Ituna sinatu zen 2011ko martxoan eta Energia Iraunkorrerako Ekintza Plana onartu zuen udalak 2012 urtean. Hori kontuan hartuta, 2012-2018 epealdian, Tolosako Berotegi Efektuko Gasen emisioek %13,4 egin dutela behera nabarmendu du udalak. 

Sektoreka aztertuz gero, hondakinen sektorean, energiaren alorrean eta lehen sektorean murriztu dira Berotegi Efektuko Gasen isuriak. Hala ere, garraioarekin lotutako isuriek gora egin dute eta egun Tolosan BEG emisioetan eragin nabarmenena duen sektorea da.

Legealdi honetan ere, Tolosako Udalak gizakion ingurumen aztarna murriztuko duten politika publiko berdeak sustatzen ari dela esan du, eta tokikotasunetik energia eta klima trantsizioari erantzuteko, hainbat egitasmo, ekintza eta proiektu abiarazi dituela. "Esaterako, Tolosa Badabil Mugikortasun Jasangarrirako Plana garatu, onartu eta abiarazi da, bertan jasotako ekimenak martxan jarriz, martxan da zero emisioko autobus elektriko bidezko Hiribus zerbitzua, eguzki plakak jarri dira ferialekuan eta udal eraikinen auditoria energetikoaren inguruko plana garatzen ari da. Ekintza hauen artean kokatzen da, baita ere, Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko Tokiko Plana".

Klima aldaketaren eragin nagusiak Tolosan
Aldaketa klimatikoari aurre egiteko, ezinbestekoa da lehenik egoera aztertzea, eta hori egin du Tolosako Udalak. 1971tik 2020ra bitarte, Tolosako batez besteko tenperatura 1,2 gradu igo da, 1971an 12,6 gradu izatetik, 2020an 13,8 gradu izatera pasatuz. Etorkizunari begira, egungo tendentzia mantentzen bada, eta inolako neurririk hartzen ez bada, tenperaturen goranzko joera mantenduko dela aurreikusten da eta datorren hamarkadan (2020-2030), Tolosako tenperatura 0,4 gradu igotzea espero da, 2050 urterako 1,4 eta mende amaierako 3,5 (2020 urtearekin alderatuz).

Batez besteko prezipitazioaren beherakada mende amaierarako %16koa izatea aurreikusten da, aldiz, nabarmenagoa izango da Tolosaren kasuan udazkenean, %36ko jaitsiera izatea espero baita.

Urteak igaro ahala, oraingo tendentziak jarraitzen badu, Tolosan prezipitazio gutxiago izatea espero da, zehazki, mende amaierarako 2020an baino 26 euri egun gutxiago espero dira. Hala ere, nahiz eta prezipitazioak urriagoak izan, prezipitazio bortitzagoak espero dira, eta hauen ondoren lehorte-tarte luzeagoak.

Herritarrek ekarpenak egiteko aukera
Aldaketa Klimatikoari Aurre egiteko Tokiko Planaren zirriborroa udal webgunean dago tolosar guztien eskura. Bertan, udalak eraldaketarako ekintzak proposatzen ditu eta herritarrek euren ekarpenak egin ditzakete. Behin betiko plana urte amaierarako prest egotea aurreikusten du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!