Pertsona bati labankada bat emateagatik gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak

Ataria 2021eko urriaren 22a

Hilketa ahaleginaren delitua leporatuta atzo arratsaldean atxilotu zuten gizonezkoa Tolosan, eta zauritua Asuncion klinikara eraman zuten.

Ertzaintzak 53 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo arratsaldean Tolosan hilketa ahaleginaren delitua leporatuta. Arratsaldeko 17:00etan gertatu zen, Tolosako Bidebieta auzoko etxe batean. Ertzaintzatik adierazi dutenez, gizonak eztabaida izan zuen etxe berean bizi den beste pertsona batekin, eta sukaldeko labana batekin ebakia egin zion toraxean.

Agenteek etxean zegoen gizon bat eta etxeko gela batean zegoen beste bat identifikatu ahal izan zituzten, eta bigarrenak toraxean zauria zuela egiaztatu zuten. Agente jarduleek zegokion ikerketa egin ondoren, eta gertatutakoaren aurrean, ustezko erasotzailea atxilotu zuten hilketa ahalegina leporatuta.

Zauritua Tolosako Asuncion klinikara eraman zuten, bertan sendatu zioten arma zuriz egindako zauri arina eta atzo arratsaldean bertan eman zioten alta.

Atxilotua, berriz, polizia-egoitzara eraman zuten dagozkion polizia-eginbideak hasteko, eta gaur, ostirala, goizean jarri dute Tolosako Guardiako Epaitegiaren eskuetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!