Festa eginez omenduko dute Iñaki Lopetegi

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko urr. 22a, 11:59
Arantxa Orbegozo artistak igande goizean amaituko du murala pintatzez.

Iñaki Lopetegi uztailean hil zen argazkilariari omenaldia egingo diote igandean, Tolosan. Erlojupekoa antolatu dute hasi berri diren eta izen handikoak diren txirrindulariekin.

Iñaki Lopetegi Agerremedia omenduko dute, igandean, Tolosan. Uztailaren 16an hil zen, istripu bat izan eta gero. Haren lagunek eta gertukoek omenaldi-festa bat egin nahi diote, ofizio eta afizio zituenak uztartuz: txirrindularitza eta argazkilaritza. Bideo kamerarekin gogoratzen du aita Iñaki Lopetegi semeak; gerora sartu zitzaion argazkilaritzarako arra. Argazkilaritzan sartuta, txirrindularitzaz gain, beste mila esparrutan lan egiten hasi zen Lopetegi aita: “Horren harira egin da hain ezaguna hainbat esparrutan”, azaldu du semeak.

Lopetegiren esanetan, festa ulertzeko beharrezkoa da jakitea aita txirrindularitzan aritua izan zela afizionatu mailan, eta “bere bizitzaren zati handi bat” txirrindularitzako lasterketak grabatzera dedikatu zuela gero. Azken urteak, batik bat, argazkilaritzari lotuta eman zituen, eta Agerremedia esaten zioten ezagunek. Maitea zuen txirrindularitza, eta bizikletaren gainean ez bazen, kamera eskuan, txirrindulari artean ibiltzen zen, motorrarekin. “Urte askoan, urtean berrehun lasterketatik gora izaten zituen”, ekarri du gogora semeak. “Goizean lasterketa bat egin, eta arratsaldean bestea. ETBrentzat ere lan egin zuen kamerarekin”.

Omenaldia egiteko, hainbat esparrutako lagunak elkartu dira, eta, nola ez, txirrindularitza munduak ekarpen handia egin du. 3,5 kilometroko erlojupekoa antolatu dute emakume, gizon eta kadeteentzat. “Nik beti txirrindularitza munduan ezagutu izan dut Iñaki”, dio Aitor Aiertza Tolosako Oriako txirrindularitza eskolako lehendakariak. “Txirrindulari moduan ez dut gogoan, baina harenak dira gure gazte garaiko lehen kamera eta irudiak. Iñaki kamera eta motorrarekin. Gero pasatu zen argazkilaritzara, eta txirrindularitzari lotutako festa guztietan han zegoen Iñaki”, kontatu du Aiertzak. Gerora, Agerremedia jarri zuen martxan, “eta are leku gehiagotan agertu zen Iñaki”.

Hil bezain laster hasi ziren haren lagun eta gertukoak omenaldian pentsatzen. Alberto Gonzalez ordiziarra izan zen bultzatzaile nagusia. “Aitarekin batera Ordiziako Marino lasterketa prestatzen aritutakoa da, eta gertuko lagunekin batera ilusioz ari dira prestatzen festa eguna”, azaldu du hilberriaren semeak. “Familiaren aldetik ohore bat da, eta asko eskertzen dugu”, nabarmendu du.

Abraham Olanori deitu zion Gonzalezek, eta Olano jarri zen harremanetan Oriako taldearekin. “Oriakon sartuta dago Abraham, eta niri deitu zidan zer edo zer prestatu behar zela esanez”, azaldu du Aiertzak. “Iñakiri gustatzen zitzaion moduan, festa moduko bat egin nahi izan dugu”, gaineratu du, eta “txirrindularitza, festa, jendea elkartu… hori guztia bideratu dugu”.

Gertukoen zerrenda luzea

Lopetegi zenak zuen sarea bistaratu du omenaldiak. Gonzalez lagunari tiraka, kuadrilla, Oriako eskola, Casino eta Txinparta elkarteak… “Jende asko inplikatu da, eta zerbait eskatu zaion bakoitzak parte hartu nahi izan du”, gaineratu du Lopetegik. Kolaboratzaile sare horri esker, bazkari bat ere egingo dute etzi. “Zenbat jendek maite izan duen ikusi dugu, eta zenbat jendek eskertu nahi izan dion modu txiki honetara”, argitu du oinordekoak.

Arantxa Orbegozo Txitxi lagun eta artistak ere parte hartu nahi izan du. Mural bat marraztu du Lopetegiri eskainia, eta igande goizean bertan amaituko du pintatzen, Euskal Herria plazan: “Bi edo hiru ordutan ezin dut horrelako mural handi bat pintatu, eta zabaldu den irudia bukatu gabe dago. Igande goizean bukatuko dut”. Orbegozok harreman estua zuen Lopetegirekin: “Txiki-txikitatik ezagutzen dut, eta beti izan dut lagun maitea. Asko maite nuen. Txirrindularitzagatik ere asko egon naiz berarekin”. Bizitzak proiektu pila batean elkartu zituela gogoratu du Orbegozok.

Hil zen egunean kartelerako erabili den erretratua marraztu zuen Orbegozok, eta omenaldirako osatutako murala photocall moduan erabiliko dute, elkartuko diren guztiek argazkia ateratzeko: “Argazki guztietan bera hor egongo da atzean”.

Tolosako kaleetan, oztopoak gutxitzeko helburuarekin, mugatu egin dute erlojupekoa. Euskal Herria plazatik abiatuko dira, eta bertan elkartuko dira txirrindulariak. Bentaundira joan, eta Trianguloa erditik pasatuz egingo dute buelta; Plaza Zaharrean bukatuko dute. 11:30ean hasiko da lasterketa, eta ibilbidean joan-etorrian ikusiko dituzte txirrindulariak. Minutuz minutu aterako dira txirrindulariak. Gaur-gaurkoz, 90 txirrindularik eman dute izena. “Ez dugu gehiago zabaldu nahi; erantzuna izugarria izan da”, dio Aiertzak.

Ez da lasterketa huts bat izango, ordea. Lopetegi omentzeko beste hainbat egitasmo ere antolatu dituzte. Argazkilaritza lehiaketa herrikoia martxan jarriko dute, eta Zerkausian egingo duten bazkariarekin “giro polita” sortzea espero dute. Argazki lehiaketan parte hartzeko, erlojupekoan zehar atera beharko dute argazkia parte hartu nahi dutenek, eta Facebook edo Instagramera igo beharko dute aukeratutako argazkia #Agerremediakalean jarrita. Parte hartzen dutenen artean txirrindulariek sinatutako maillot bat zozkatuko dute.

Alde Zaharrera mugatu nahi izan dute omenaldia, eta festa giro batean bildu nahi izan dute txirrindularitza. “Jendeak nahi duena festa da”, esan du Aiertzak.

Partaide guztiak mahaiaren bueltan elkartuko dituzte gero, bai txirrindulariak eta baita boluntarioak ere, “aitak nahiko lukeen moduan”. Funtsean, “ondo pasatzea” dute helburu.

Izen handiko txirrindulariak

Euskal txirrindularitzaren azken urteen errepaso bat egiteko aukera emango du erlojupekoak. Denborak ez duela garrantzirik izango azpimarratu dute, eta parte hartzean jarri dute arreta. Mathieu Hermans, Dani Moreno, Santos Hernandez, Miguel Indurain,… “Eskertzekoa da jendeak etortzeko izan duen gogoa”, dio semeak. “Iñaki Lopetegi aipatzean, guzti-guztiak prest egoten dira etortzeko”, gehitu du Aiertzak.

Luzea da Tolosan izango diren txirrindularien zerrenda: Marino Lejarreta, Ruben Gorospe, Mikel Astarloza, Patxi Vila, Juanma Garate, Igor Anton, Mikel Zarrabeitia, Iban Mayo, Iker Flores, Gari Bravo, Jon Irisarri, Haimar Zubeldia, Egoi Martinez, Arantzazu Azpiroz, Espe Neira, Ana Arza Mazkiaran, Ainhoa Ostolaza, Ainhoa Artolazabal, Jorge Azanza, Jose Luis Arrieta, Txomin Perurena, Unai Iribar, Julen Amezketa, Unai Yus, Markel Irizar, Balentin Dorronsoro… Guztien artean, Olano izango da abiatzen azkena. Joan ezin duenak zuzenean ikusteko aukera izango du Akhonmediaren Aupa kanalean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!