Bueltan da Tolosako Abesbatza Lehiaketa, urte betez egin gabe izan ostean. Iaz, bertako abesbatzekin osatu zuten jaialdia, eta aurten, nazioarteko abesbatzak izango dira, 52. lehiaketan zein jaialdian. Topic zentroan aurkeztu dute aurtengo lehiaketa, eta bertan izan dira, Xabier Ormazabal Tolosako Abesbatza Lehiaketako zuzendarietako bat, Olatz Peon Tolosako alkatea, Aitor Imaz Tolosako Ekinbide Etxeko arduraduna, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako kultura eta hizkuntza politika sailburua, Ander Aizpuru Kutxa fundazioko zuzendaria eta Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura zuzendaria.
Datorren urriaren 29tik azaroaren 1era bitarte, Tolosako Abesbatza Lehiaketak Leidor aretoko oholtza hartuko du. Mundu osoko taldeak hartuko dituzte, eta aurten, bereziki, erronka hori jarri dutela esan du Aitor Imazek: "Mundu guztia hankaz gora egon da, herrialdeetako mugak itxita izan ditugu, abesteko ezin izan gara elkartu, eta erronka handia da hau antolatzea".
Lehiaketaz gain, jaialdiak ere izango du bere lekua, eta baita zirkuituak ere. Ormazabalek azpimarratu du Europako Sari Nagusien barruan egiten diren lehiaketa guztien artean Tolosakoa izango dela lehena lehiaketa berreskuratzen. Aurreko edizioetako ordena jarraituz, ganbera abesbatzek eta haur abesbatzek izango lukete lekua, baina azaldu duenez, haur abesbatzen modalitatea bertan behera utzi dute: "Maiatza bukaeran hartu genuen erabakia, ikusten genuelako nahiko zaila izango zela momentu honetan mundu mailan haur guztiak txertatuta egotea".
Lehiaketari dagokionez, zortzi taldek hartuko dute parte aurten. Ahots berdineko talde bakarra izango da, Hungariatik datorren Cantemus Children's Choir. Gainontzeko taldeak ahots nahasietakoak izango dira: Stemmer (Norvegia), Fortius Chamber Choir (Letonia), Missouri State University Chorale (Estatu Batuak), Vox Populi Mixed Choire (Estonia), Cor Bruckner Barcelona (Bartzelona), Coro de Jovenes de Madrid (Madril) eta EH Gazte Abesbatza (Euskal Herria).
Abesbatza lehiaketako helburuetako bat "gure musika munduratzea" dela esan du Ormazabalek. Horregatik, obra jakin bat abestu behar izaten dute abesbatza guztiek, eta horrez gain, beste abesti bat euskal hitzak dituena kantatu behar izaten dute. Folklorean, ahots nahasietarako, Jabier Bello-Porturen Lastozko zubia kantatu beharko dute, eta ahots berdinetarako, Josu Elberdinen Itsasoa laino dago. Eta polifonian, berriz, ahots nahasientzat Javier Bustoren Laudate Pueri izango da obra behartua, eta ahots berdinentzat, Eva Ugalderen Bizitzaren basoan.
Jaialdian zortzi kontzertu
Jaialdiko lehen kontzertua igande honetan izango da. Tolosako Hodeiertz abesbatza eta Ordiziako Oroith abesbatza arituko dira, Gabriel Faureren Requiema abesten. Santa Maria elizan izango da, 19:00etan. Nazioarteko abesbatzek ere izango dute lekua jaialdian. Besteak beste, Sofia Vokalensemble eta VoNo (Suedia), Sjaella & Quartonal (Alemania), Anuna (Irlanda) eta The State Choir Latvija (Letonia) arituko dira.
Eta jaialdiko azken kontzertuan, sari emanaldiaren aurretik egingo dena, David Azurzak idatzitako bi ipuin musikatu izango dira: Hurkus errementaria eta Zer duzu Laika. Kontzertu horretan Gaudeamus abesbatzak eta Ensemble Kuraiak hartuko dute parte eta azaroaren 1ean izango da, 11:00etan, Leidorren.
Neurriak zainduz
Abesbatza lehiaketako emanaldi guztiak Leidor aretoan izango dira. Bingen Zupiriak esan du aretoak hartzen duen beste jende sartuko dela, hau da, edukiera %100ekoa izango duela, eta segurtasun neurriak mantentzea eskatuko ez duten arren, derrigorrezkoa izango dela maskararen erabilera, bai ikusleentzat eta baita abesten arituko direnentzat ere.
Gogorarazi dute dagoeneko abesbatza lehiaketarako eta kontzertuetarako sarrerak erosteko aukera zabalik dagoela ticket.kutxabank.es webgunean.
Egitarau orokorra
- Urriak 24, igandea. Jaialdia. 19:00etan, Santa Maria elizan. Gabriel Faureren Requiema, Hodeiertz eta Oroith abesbatzen eskutik.
- Urriak 29, ostirala. 19:30ean, Leidorren, inaugurazio kontzertua, Sofia Vocalensemble (Sudeia) abesbatzaren eskutik.
- Urriak 30, larunbata.
- Lehiaketako lehen saioa, 11:00etan, Leidorren. Polifonia eta folklorea: Vox Populi Mixed Choir (Estonia), Coro de Jovenes de Mardrid (Madrid) eta Fortius Chamber Choir (Letonia).
- Lehiaketako bigarren saioa, 16:00etan, Leidorren. Polifonia eta folklorea: Cor Brunckner Barcelona (Bartzelona) eta Cantemus Children's Choir (Hungaria).
- Kontzertua, 19:30ean, Leidorren. Sjaella & Quartonal (Alemania).
- Urriak 31, igandea.
- Lehiaketako hirugarren saioa, 11:00etan, Leidorren. Polifonia eta folklorea: Stemmer (Norvegia), Missouri State University Chorale (Estatu Batuak) eta EH Gazte Abesbatza (Euskal Herria).
- Kontzertua, 16:00etan, Leidorren. Anuna (Irlanda).
- Kontzertua, 19:30ean, Leidorren. Vono (Suedia).
- Azaroak 1, astelehena.
- Kontzertua, 11:00etan, Leidorren. Hurkus & Laika: David Azurzaren bi ipuin musikatu.
- Jarraian, lehiaketaren amaiera saioa eta sari banaketa.
- Kontzertua, 19:00etan, Leidorren. The State Choir Latvija (Letonia).
- Azaroak 6, larunbata. Kontzertua, 20:00etan San Frantzisko elizan. El Leon de Oro eta Kea Ahots Taldearen eskutik, Frank Martinen Bi abesbatzentzako meza.