ERREPORTAJEA

Haziz hazi, basoa osatzen

Irati Saizar Artola 2021ko urr. 22a, 07:57

Teatro Gorakada konpainiak bihar aurkeztuko du Topic aretoan Zuhaitzak landatzen zituen gizona antzezlana. Jean Giono idazle frantziarraren istorioa antzezlanerako egokitu dute; Sandra Fdz Agirre eta Fran Lasuen antzezleek interpretatzen dute obra.

Haurrei begirako, baina, aldi berean, publiko osoari zuzendutako antzezlana izango da bihar ikusgai Topic aretoan, 18:00etatik aurrera: Zuhaitzak landatzen zituen gizona. Teatro Gorakada konpainiak ondutako lana da; oholtzan, Sandra Fdz Agirre eta Fran Lasuen artistak arituko dira.

Bakardadean bete-betean sartuta dauden bi gizonen istorioa da. Artzaina da Elzeard Bouffier eta gogor egingo du lan bere bizilekua duen basoa berritu eta lurra salbatzeko. Alpeetako mendietan, Proventzatik gertu, ezer ez dagoen leku batetik zuhaitzen oasi bat sortuko du; lursail handi batean zuhaitzak landatzen hasiko da, haziz hazi, baso eder bat bilakatu arte. Bestea, narratzailea, bere buruaren bila ari den gazte bat da, borondatea eta eskuzabaltasuna erresilientziarako tresna ezin hobeak direla deskubrituko duena. Bouffierrekin egingo du topo eta bakoitza bere buruarekin adiskidetzen saiatuko da, bere burua aurkitu nahian.

 

Maialen Magunagoitia: «Gizakia, momentu honetan, natura suntsitzen ari da, baina badaude iniziatibak norbanakook egin ditzakegunak»


Atzean, Europako historiako gorabeherak, bi mundu gerrak, kontzientzia ekologikoaren sorrera edota politikaren diskurtso hutsala izango ditu, hori dena, «naturarekiko ulermenetik, gizakiaren indar sortzailetik eta zehaztasun txikiekiko maitasunetik kontatuta».

Ipuinetik antzezlanera

Jean Giono idazle frantsesaren ipuin alegoriko batean oinarritutako antzezlana da. 1953an argitaratu zuen Gionok liburua eta hainbat hizkuntzatara itzulitako lana izan da. Aurten, otsailean, Salamancako Ciudad Rodrigo herrian gaztelaniaz estreinatu zuen antzezlana Teatro Gorakada konpainiak; eta euskaraz, berriz, Durangoko San Agustin kultur gunean aurkeztu zuen.

Kike Diaz de Radak eta Jose Carlos Garciak egokitu dute antzezlana. Maialen Magunagoitia ikus-entzunezko teknikaria da eszenan bertan, eta esan duenez, liburutik antzezpenera obra bat pasatzea «lan nekeza» den arren, «lan txukuna» egin dute. Istorio «interesgarria» iruditu zitzaien eta hortik egin dute antzezlanera pasatzeko hautua.

Oholtzan, nagusiki, bi lagunek hartzen dute parte: batetik, Sandra Fdz Agirrek. Istorioa kontatzen duen narratzailea da bera, «istorio honek duen politena eta istorioaren emozioa transmititzen dituena». Eta bestetik, Fran Lasuen, Elzeard Buffierren papera antzezten duena hainbat momentutan, baina baita musikaria ere. Zuzeneko musika erabiltzen baitute obran zehar; besteak beste, arrabita eta biolina jotzen ditu eszenan.

Maialen Magunagoitia: «Haurrak pertsona bizkorrak dira, eta Gorakadak ez du bereziki testua haurrentzako moduan arintzen»


Musikaz gain, errefortzu moduan ikus-entzunezko batzuk ere tartekatzen dituzte, Maialen Belaustegik egindako irudi eta bideo batzuekin. «Eszena indartzen duten irudiak» direla azaldu du teknikariak. Espazioari dagokionean, linoleo txuri bat ipintzen dute, baita espagetiz egindako tela moduko bat ere. Zuhaitzak ere ez dira falta. Hazitik hasten dira hazten, pixkana, eta basoa irudikatzen duten zuhaitz multzoak dituzte oholtzan eta pantailako itzaletan.

1953an idatzitako istorioa izanagatik, antzezpenak «modernotik eta garaikidetik» baduela aitortu du Magunagoitiak. «Istorioa dagokion garaian kokatzen dugu, baina, egia esan, erabiltzen diren elementuak, jantziak eta bestelako materialak atenporalak dira».



Natura zaintzeko

Ingurunearen eta naturaren kontzientziaren inguruko istorioa da nagusiki Zuhaitzak landatzen zituen gizona. Eta hortik badu helburu bat antzezlanak ikuslegoa kontzientziatzeko, Magunagoitiaren arabera: «Gizartea, momentu honetan, natura suntsitzen ari da; baina badaude iniziatibak norbanakook egin ditzakegunak; obra honetan ikusten den bezala, Bouffierrek berak bakarrik sortzen du basamortu bat baso». Horrelako iniziatibak aurrera eramateko kontzientzietan eragin nahiko luketela esan du. «Gauza txikietatik hasita gauza handiak egin daitezke».

Biharko saioa, bereziki haurrei begira prestatutakoa da, baina Magunagoitiak adin ezberdinetako ikusleak gonbidatu nahi ditu. «Haurrak pertsona bizkorrak dira, eta Gorakadak normalean kontatzen dituen istorioetan, ez du bereziki testua edota hiztegia haurrentzako moduan arintzen». Egokitzapena haurrentzat bada ere, haurrak bizkorrak diren aldetik, obrak duen testua familientzako ere prestatuta dagoela dio. «Esaterako, ez dago abestirik guztiak dantzan hasiko direnik, baina badago landuta, haurrak adi-adi egon eta istorioan bertan sartzeko moduan».

 

FITXA TEKNIKOA

Egilea: Jean Giono.

Egokitzapena: Kike Diaz de Rada eta Jose Carlos Garcia.

Zuzendaria: Jose Carlos Garcia.

Zuzendari laguntzailea: Kike Diaz de Rada.

Itzulpena: Idoia Barcelo.

Antzezleak: Patricia Fdz Agirre eta Fran Lasuen.

Musika: Fran Lasuen.

Argi diseinua: Ion Chavez.

Irudia: Maialen Belaustegi.

Eszenografia eta atrezzoa: Javi Tirado.

Jantziak: Ikerne Gimenez.

Argazkiak: Txelu Angoitia.

Diseinu grafikoa: Sofia Serrazina.

Zuzendaritza artistikoa eta exekutiboa: Alex Diaz.

Ekoizpena: Teatro Gorakada.

Administrazioa: Maite Lopez.

Komunikazioa: Maialen Magunagoitia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!