Eta azkenaldian askotan gertatzen zaizkit honelakoak. Esaterako, gai baten inguruan gogoeta egin behar nuela eta askotariko gauzak irakurri behar izan ditut eta ezaguna zen errealitate bat berriro ere lehertu zait aurpegian, datu eta ikerketa zientifikoek baliozkotua. Gizarteko talde desberdintasunak handituz doa eta ez du aldatzeko itxura handiegirik. Hor diagnostikoa konponbiderako argi zehatz gehiegirik gabe baina ondorio latzekin.
Bitartean, hemen dihardugu guk gure egunerokotasunean, itzalen ikuskizun baten gisan. Alde batetik, gutxi batzuk erabiltzen dituzte panpina eta bestelako tresneriak eta bestetik, itzalei begira nola edo hala istorioa interpretatu nahian saiakerak egiten ari gara besteok. Ñabardura oro galdurik.
Talde kohesioa babes dezagun. Jakina da, gizakiok elkar behar dugula eta hor dagoela gure indarra eta bizi itxaropena.
Baina aurrera egin behar dugu eta ondorioz, guk zer egin dezakegun galdetu behar diogu geure buruari. Alegia, errealitateko egia batzuk hauek dira eta ez zaigu gehiegi gustatzen, beraz, zer geratzen zaigu? Adibidez, gutasuna zaintzea, gure artean zaintzea. Komunitatea sendotzea. Oraingoz niretzat balekoa den aukera da. Ez nahastu arren honelako jarrera amore ematearekin, ez pentsa egoerarekiko kritika ez egiteari buruz ari naizenik. Aitzitik, inoiz baino ozenago salatu behar ditugu gutxi batzuk ondo hausnartuta hartzen dituzten erabakiek sortarazten dituzten egoera tamalgarri orokortuak. Ahal den neurrian, honelakoak ekiditen edota gutxitzen saiatu behar dugu. Baina bi jarrerak erabat bateragarri direla esango nuke.
Eta nola egin hori? Argi ibiliz. Amona zenak argi ibiltzearen garrantziaz ohartarazten gintuen ilobak. Gorriak ikusitakoa zen hura eta nik errespetuz eta kontutan hartzen dut gomendioa.
Argi ibili ziririk sar ez diezaguten, argi ibili iluntasunean gal ez gaitezen edota galbidera eraman ez gaitzaten eta indar guztiak metatu gure artean zain gaitezen. Talde kohesioa babes dezagun. Jakina da, gizakiok elkar behar dugula eta hor dagoela gure indarra eta bizi itxaropena. Guztiok guztiokin. Inor argi gunetik kanporatu gabe.