San Blas auzoko azpiestazioa berritu eta trinkotu dute

Ataria 2021eko urriaren 18a

San Blas auzoko etxebizitzen gainean zeuden hainbat linea lurperatu eta kendu dituzte, segurtasuna eta bizilagunen ongizatea hobetzeko.

San Blas auzoko bizilagunen eskaerei erantzunez, Iberdrolak hainbat hobekuntza egin ditu Tolosako azpiestazioan, puntako teknologia erabiliz. Besteak beste, potentzia handitu dutela azaldu du Patxi Amantegi Ingurumen, Obra eta Zerbitzuak sailetako zinegotziak, "eremuaren eta udalerriaren etorkizuneko beharrei modu egokiagoan erantzuteko". 

Transformadore berriak zarata maila txikikoak dira eta intsonorizatutako kaxetan kokatu dituzte "inguruko bizilagunengan enbarazurik ez sortzeko eta haien ongizatea babesteko". 

Estibaliz Goñi Gaztelu i-DE enpresako Gipuzkoako buruak azaldu duenez, ekipo elektrikoak aire zabalekoak izan ordez, eraikinen barruan kokatuta daude orain eta horrek "asko murrizten ditu sor litezkeen arriskuak".  Horrela, instalazio "modernoagoa, trinkoa, ahalmen elektriko handiagokoa, arrisku elektriko txikiagokoa eta inpaktu bisual eta zarata inpaktu txikiagokoa" jarri dute. Iraunkorragoa ere badela esan du Goñik: "Matxura kasuetan argindarraren hornidura berreskuratzeko geure gaitasuna askoz ere handiagoa izango da orain". 

Azpiestazioa berritzearekin batera, 30 kV eta 13,2 kV-ko lineen sarrera eta irteerak ere aldatu dira. Linea horiek ere lurperatuta jarri dituzte. Era berean, etxebizitzen gainean zeuden bi linea kendu egin dituzte, auzotarren eskariei erantzunez.  

Elkarlanean garatutako proiektua izan dela gogorarazi du Amantegik: "Udalak bitartekari lanak egin ditu proiektu honetan, bizilagunen beharrak eta eskaerak jaso eta Iberdrolari helaraziz".

Aisialdirako gune berria

Azpiestazioa trinkotu eta hainbat linea lurperatzeari esker, auzoan herriarentzako gune bat berreskuratu dute. "Ez da oso eremu handia, baina parke bat sortzea da gure asmoa, bizilagunen ongizatea hobetu eta aukera berriak eskaintzeko helburuarekin", esan du zinegotziak. Berreskuratu den eremu hori egokitu eta tolosarren eskura jartzeko lanak zehaztuko dituzte jarraian. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!