Memoriak bizirik dirau

Ataria 2021eko urriaren 17a

Lasa eta Zabalaren desagertzearen 38. urteurrena izan zen atzo, eta urteroko omenaldia egin zieten ostiralean Tolosako Olarrain auzoko txokoan.

38 urte bete ziren atzo Joxi Zabala eta Joxean Lasa desagerrarazi zituztela. Urteroko hitzorduari huts egin gabe, Zabalaren eta Lasaren senide eta lagunekin batera jendetza bildu zen ostiralean Tolosako Olarrain auzoan dagoen haien monolitoen atarian. Guztiek argi utzi zuten haien memoriak bizirik jarraitzen duela, eta beste behin, egia exijitu zuten.

Estatuak, gatazkan izan duen ardura errekonozitu gabe jarraitzen duela adierazi zuten, eta herri honetan oraindik, argitu gabe jarraitzen duten pasarte beltz ugari daude: "Gerra Zikina, milaka tortura kasuak, gaur egun oraindik desagertuta jarraitzen duten euskal herritarren kasuak edota segurtasun indarrek hildako ehunka eta ehunka euskal herritarren eta militanteen kasuak. Herri honek agertoki demokratiko bat eskura dezan, bakea eta askatasuna lor ditzan, gertatu zena argitara atera behar du. Horixe baita herri honen determinazioa etorkizunerako. Eta etorkizun hori, ezingo da abiatu iraganak utzitako guztiaren egia, aitortza, justizia eta erreparaziorik gabe".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!