Berriz ere musikariak kalean

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 16a, 14:30

Bi urtez ospatu gabe egon eta gero, gaur, goizean goizetik Tolosako musikariak kalera ateratzen hasi dira, herria musika doinuz betetzeko. Musikherria egitasmoaren barruan Tolosako musikari eta artista asko ari dira parte hartzen, eta herriko auzo ezberdinetara iritsi dira musika doinuak.

Bueltan da musika Tolosako kaleetan. Musikherria egitasmoa bi urteren ostean berreskuratu dute, eta goizean hasi eta gauera bitartean musikari eta artista ezberdinek alaituko dituzte Tolosako kaleak. Dagoeneko ezohikoak diren irudiak utzi ditu gaurkoan Tolosak.

Alaitasuna nabaria zen herritarren aurpegietan. Gogoa, poza eta ilusioa. Izan da fanfarre, txaranga edo dultzaineroen atzetik ibili denik, edo gaurko musika doinuek ezustean harrapatu dutenik edo honelako girorik ezagutu ez duen haurrik. Guztiek, ordea, gustura hartu dituzte Tolosako kaleetan topatutako musikariak.

Tolosa Kantari ere itzuli da, eta jende ugari batu da kantura. Ohiko moduan Tonto kalen hasitakoak jarraipena izan du. Eta Lopez Mendizabal plazan, berriz, eszenatokia izan da musikarien gune. Plaza bete jende bueltan, trago baten aitzakian edo tragorik gabe, musikaz gozatuz. 

Ez du etenik izango musikak eta 18:00etan, Euskal Herria plaza girotuko dute musika taldeek. 19:00etan Bonberenea txaranga aterako da kalera, eta 22:30ean, aldiz, Bisuteria orkestraren txanda izango da, Plaza Berrian.

Erlazionatuak

Goizeko giroa Tolosako kaleetan

Tolosaldeko Ataria 2021 urr 16 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!