Hamabi film labur, XII. Nazioarteko Zeinu Hizkuntzako Zinemaldian

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 15a, 11:58

Urriaren 23an XII. Nazioarteko Zeinu Hizkuntzako Zinemaldia izango da, Tolosan. Egun osoko egitaraua prestatu dute. Filmez gain, bazkaria eta hitzaldia ere izango dira.

XII. Nazioarteko Zeinu Hizkuntzako Zinemaldia aurkeztu dute. Hilaren 23an izango da, eta filmak Leidor antzokian eskainiko dituzte. Hamabi film labur ikusteko aukera izango da. Julian Rodriguez Rojo, Gainditzen Tolosaldea eta Goierriko pertsona gorren elkarteko lehendakariak aurkeztu du zinemaldia. "Zeinuen hizkuntza gure hizkuntza da, eta gure kultura eta komunitatearen parte, beraz, horri eutsi egin behar zaio", dio.

Iaz, jaialdia ez galtzeko, online egin behar izan zuten, eta bakoitzak bere etxetik jarraitu behar izan zuen jaialdia. Aurten, ordea, egoerak aldatuta, Leidor antzokira itzuliko dira, eta horrez gain, Botarri jatetxean egingo dute bazkaria, eta arratsaldean hitzaldi bat izango da kultur etxean.

10:15ean irekiko dute Leidor zinema, eta 11:00etan hasiko da jaialdia. Sarreraren prezioa 8 eurokoa da, eta Gainditzentolosa.com webgunearen bidez edo Gainditzenek duen facebook orriaren bidez erosi daitezke sarrerak. 

Aten (Bartzelona), Cronos (Bartzelona), Unic (Bartzelona), La Maynade (Frantzia), El Circle (Bartzelona), The Doll (Erresuma Batua) eta Hay dos idiomas (Bartzelona) film laburrak ikusteko aukera izango da lehenengo, eta ordu erdiko atsedenaren ostean, Te quiero pa (Malaga), El seto (Avila), El novio perfecto (Frantzia), Lladres del Temps (Bartzelona) eta Feeling Through (Ameriketako Estatu Batuak) eskainiko dituzte. Behin filmak ikusi ostean sari banaketa egingo da.

Gainditzen elkarteko lehendakaria "pozik" agertu da, aurten, berrikuntza moduan Ameriketako Estatu Batuetako Feeling Through film laburra Tolosara ekartzea lortu dutelako. Ez dela erraza izan lortzea esan du, eta "oso ona" dela aurreratu du.

14:30ean bazkaria Tolosako Botarri jatetxean egin eta gero, 18:00etan, Granadako Isabel de las Herasen eskutik, Cómo crear un cómic de Oreja Voladora hitzaldia izango da, kultur etxean. Helburua binetak sortzeko prozesua ezagutzea izango dute. Hitzaldira joan nahi dutenek gainditzent-g@hotmail.com helbide elektronikora idatzi beharko dute mezu bat.

Rodriguezek azpimarratu du honelako ekitaldi bat antolatzeko behar-beharrezkoa dutela instituzioen laguntza, eta baita beste jaialdien laguntza ere. Laguntza horiek tarteko, eta Kresalari esker, aurten, beste bost jaialdiek parte hartzen duten K Premioetan parte hartuko dute, eta jaialdi bakoitzeko film laburrik onena aukeratuko dute.

Pedro Saldaña, Kresala Zineklubeko ordezkaria da, eta honelako jaialdietan zeinu hizkuntzako filmak ikusteko aukera izateaz gain, zineklubetan film horiek eskuratzeko aukera izatea "oso garrantzitsua" dela azpimarratu du. Jaialdi ezberdinetan saritzen diren film labur horiek herritarren eskura jarriko dituzte, eta Gipuzkoako zineklubetan jarriko dituzte zeinu hizkuntzako filmak. "Horrek ezin du muga bat izan, eta beste edozein filmen moduan eskura egon behar dute", adierazi du Saldañak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!