8.000 pertsona inguru bildu ditu Kultura Plazara jaialdiak

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 14a, 19:59

Guztira 47 ikuskizun eskaini dira formatu txiki nahiz handian eta guztira 143.000 euro bideratu ditu udalak proiektura.

Ekainetik urrira bitartean ospatu da Kultura Plazara jaialdia, Tolosako Udalak antolatuta. Arte eszeniko ezberdinei egin zaie lekua, gune ezberdinetan aritu dira eta haur, gazte eta helduei begirako programazioa eskaini dute. Horrela, denera 8.000 lagun inguru bildu ditu jaialdiak denbora tarte horretan.

Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak esan duenez 143.000 euro baino gehiago bideratu dira jaialdira, "kulturaren aldeko apustu argi eta garbian". Esan du proiektua "aitzindaria" izan dela, "elkarlanean garatutakoa", pandemia garaian horrelako jaialdirik "beste inon ez delako egin".

Pozik agertu da alkatea emaitzarekin: "Herritarrei arte eszeniko ezberdinez eta kulturaz modu seguruan gozatzeko aukera eskaintzeko, artista eta taldeen lana babesteko eta ezagutzera emateko, kulturari eta euskal taldeei ikusgarritasuna emateko eta Tolosa berriz ere kultur arloan erreferente bilakatzeko helburuarekin egin genuen jaialdi honen aldeko apustua eta helburuak eta aurreikuspena bete eta gainditu egin ditugu". Jaialdian izan duen harrera "ona" eta herritarrek izandako erantzun "ezin hobea" ere azpimarratu ditu.

Aurreikuspenak "gaindituta"

Eskaintza "askotarikoa" izan dela gogorarazi du Izarne Iglesias kultur zinegotziak: "Ekitaldi txiki eta handiak izan ditugu, batzuk oso jendetsuak eta besteak intimoagoak, zezen plazan, herriko beste hainbat plazetan eta landa auzoetara ere iritsi gara".

Hasieran egindako aurreikuspenak "gainditu" egin dituztela esan du, hainbat ekitalditarako sarrerak agortu egin direla eta ia ez dutela ikuskizunik atzeratu behar izan. "Zinea izan da, agian, uste baino arrakasta gutxiago izan duen eskaintza bakarra, emanaldietako bat bertan behera utzi behar izan genuen gutxieneko sarrera kopurua ez zelako saldu", azaldu du Iglesiasek.

Bidean produkzioak enpresaren laguntza izan du Tolosako Udalak jaialdia antolatu eta aurrera eramateko, eta Julen Caminosek, enpresako arduradunak adierazi du parte hartu duten taldeak ere "oso gustura" aritu direla eta asko eskertu dutela aukera, "bereziki talde txikiek eta hasi berriek, beren lana ezagutzera emateko aukera izan dutelako".

Taldeek jaialdiko formatura egokitzeko egin duten lana ere aipatu du Caminosek: "Ohiko formatua albo batera utzi eta kontzertuak egun argitan, asko akustikoan, eta ikusle guztiak eserita daudela girotu dituzte taldeek plazak, baina guztiak aritu dira oso gustura".

143.424 euroko kostua

Kultura zinegotziak esan du 110.000 euro inbertitu direla zezen plazan eta bestelako eremuetan egindako kontzertu eta emanaldietan; 16.000 euro inguru haur ikuskizunetan, eta beste 15.000 euro zinema saioetan. Guztira, beraz, 143.424,96 euroko kostua izan du jaialdiak, "ekoizpen kostuak, zaintza lan kostuak, soinu eta argiztapen gastuak, katxetak, egile eskubideak eta beste kontuan hartuta".

Baita ere esan du jaialdiari lotuta sortutako iruditeriarekin, sare sozial eta webgunearekin jaialdiari "nortasun propioa" ematea lortu dela, "oso ondo funtzionatu dute sortutako euskarri eta komunikazio bide guztiek, baita sarrera salmentak ere eta egindako lan horri guztiari esker jaialdiak zabalkunde handia izan du".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!