ERREPORTAJEA

Sormenaren begirada

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko urr. 17a, 07:58
Kristalezko ontzietan sartu dituzte maskararekin aterata erretratu guztiak. E. MAIZ

Iñigo Royoren argazkilaritza tailerrean egindako lan batzuekin Tolosan, koronabirusaren hilabeteetan erakusketa osatu dute; sormena landu dute tailerrean, eta ezohikoa den argazki erakusketa ikusgai egongo da Aranburu jauregian, hilaren 30a bitartean.

Iñigo Royok urteak daramatza Tolosako kultur etxean argazkigintzako tailerrak eskaintzen. Tailerra teknikoki kamera erabiltzera mugatzea, ordea, ez du gustuko. Royok sormena piztu nahi izaten die argazkigintzako tailerrera apuntatzen direnei, eta ahalmen sortzailea ateratzen ahalegintzen da parte hartzaileei. Behin tailerra ekainean amaituta, Tolosa, koronabirusaren hilabeteetan erakusketa jarri dute Tolosako Aranburu jauregian. Tailerrean osatuta hainbat proiektu bisitatzeko aukera izango da hilaren 30a bitartean.


Sormenari tiraka, pandemia egoera aprobetxatuz eta jende asko elkartzea gomendagarria ez zela kontuan hartuta, tailerrari buelta bat eman eta birplanteatu egin behar izan zuen Iñigo Royo argazkilariak. Gutxi gorabehera hamabost egunean behin elkartu zen taldea Tolosako kultur etxean. Hamabost pertsonako taldea osatu zuten, eta mundu guztiari irekitako tailerra zen: «Ez zeukaten kamera erabiltzen jakin beharrik, edota mugikorrarekin bakarrik ere egin zezaketen tailerra, eta batzuk horrela egin dute. Argazkilaritzarekin esperientzia izan edo ez izan, denek zuten aukera apuntatzeko», argitu du Royok eta gaineratu, «jolasteko gogoa zeukan edozeinentzat zen».


Hamabost egunean behin elkartu, eta egin beharreko pare bat proiektu aurkezten zizkien argazkilariak. Proiektu horiek «ezaugarri zehatzak» zituztela nabarmendu du Royok. Esaterako, lehen egunean, gutun-azal batean sartu zezaketen opari batean pentsatu behar zuten, zehazki, bost opari eta bost gutun-azaletan. Horiek, herriko bost puntu ezberdinetan utzi behar zituzten, eta argazkiak atera. Royok, bost argazki nahi zituen, bost gutun-azal eta bost kokaleku ezberdinekin: «Kasik amaierako argazkia zen gutxienekoa, baizik eta gutun-azalean sartu beharreko oparian eta utzi beharreko kokalekuan pentsatu behar zuten», azaltzen du.

Tailer guztian zehar hamabi edo hamahiru proiektu ezberdin eskatu zizkien Royok. Horietako batzuk kultur etxeko pasilloan jarri zituzten ikusgai, eta horietako lehena maskaradun aurpegiena izan zen. «Maskara jarrita eta begiak itxita desio bat pentsatzen dauden pertsonei atera behar izan zizkieten argazkiak», esan du Royok. Eta oraindik ere ikusgai dagoen beste proiektua zeruko argazkiena izan zen. Iñigo Royok, bere egunerokoan, esan ez zien hitz klabe bat entzuten zuen bakoitzean, taldeko whastapp taldean cielo hitza idazten zien. Ostean, tailerreko kide bakoitzak momentu horretan parean zuen zeru zatiari argazkia atera behar zion: «Nik cielo idaztean, zeruen argazkiekin erantzun behar zidaten», dio.

Egunero lo egiteko erabiltzen duten burkoarekin ere sormena landu behar izan dute, lerro zuzenarekin ere jolasean aritu dira, maskara, gel hidroalkoholikoaren ontzia eta txertoaren ontzia airera botaz,... Beste birus batzuk proiektua ere landu dute argazkilaritzari lotu gabe, eta baita Esker onen proiektua ere, zerua, lurra eta eskuak uztartuz.



Proiektuen aurrean erantzun «oso ona» jaso duela esan du Royok. «Proposamen batzuk hobeto funtzionatu dute besteek baino, baina orokorrean, benetan ondo atera direla uste dut».

Erakusketa prestatzeko ere sormena landu behar izan dute, eta ohikotik ihes egin, eta argazkiak erakusteko beste bide batzuk aurkitu dituzte.

Jolastuz, disfrutatuz

Tailerra jolas moduan hartzea nahi izan du argazkilariak, eta proposatutako proiektuak egiten disfrutatzea. Ana Pradini, Ane Uriarte, Carmen Tapia, Feli Izagirre, Fernando Pradini, Francisco Garcia, Haizea Docherty, Ziggy Docherty, Idoia Sanchez, Jexux Arin, Jon Mintegiaga, Juanan Dorronsoro, Maddi Labayen eta Pablo Artetxe izan dira argazkilaritzaz ikastearekin batera, sormena martxan jarri eta landu dutenak.

Feli Izagirre tolosarra da tailerrean parte hartu duen kideetako bat: «Pandemia egoera honetan zerbait ezberdina egin nahi nuen», dio. Probatzeagatik apuntatu zen, eta guztiz «bete» du tailerrak. Tailerraren formatuak erakarri zuen tolosarra, «ez zen klase arrunt bat», argitzen du.



Lehen aldiz apuntatu da argazkilaritzari lotutako tailer batean: «Nire asmoa ez zen argazkiak egiteko teknikak ikastea». Librea zela eta sormena landuko zela ikustean apuntatu zen tailerrera. Ez du argazkilaritzarako zaletasun berezirik: «Beti gustatu izan zait argazkiak ikustea, eta beti baloratu izan ditut argazkiak, baina ez dut argazki kamerarik ere». Mugikorrarekin atera ditu tailerrerako atera beharreko argazki guztiak.

Gauza asko eman dizkiola aitortu du: «Alde batetik asko disfrutatu dut egiten. Dibertigarria izan da, originala, asko ikasi dut, eta gehien bat sormenaren bidez nik barruan nituen gauza batzuk ateratzen lagundu dit». Erizaina da lanbidez Izagirre, eta «egoera honek asko ukitu gaitu, eta tailer honek lagundu dit zenbait gauza kanpora ateratzen». Gelditzen irakatsi dio: «Gauzak ikusten eta aztertzen, gero argazkiak atera ahal izateko», eta horrez gain, askatasuna eman dio: «Bakoitzak bere moduan eta bere esperientziatik argazkiak gauzatzeko».



Ustekabeko tailerra eta erakusketa

Ez zuen espero eta ezustekoa izan dela tailerra esan du Izagirrek: «Sormena lantzeko tailerra zela bai, baina ariketak bidali eta egiten hasi ginenean dinamika izugarri gustatu zitzaidan. Ze ariketa onak!».



Aranburu jauregiko proiektua ere «gustatu» zaio: «Ez da argazki erakusketa arrunt bat. Ez daude argazkiak zintzilikatuta, ez da erakusketa klasiko bat. Argazkiak beste modu batean daude ikusteko». Erakusketaren formatua «niretzat berezia da», gaineratu du. «Bertan azaltzen diren gauzek bere esanahia dute», dio. Testuek laguntzen dute erakusketa.

Eskuak ikus daitezke eta ez dira edozein esku. Eskertu nahi izan dituzten pertsonen eskuak dira ikus daitezkeenak. «Ez dira esku arruntak».

Dinamikak guztiz harrapatu du Izagirre, eta izugarria iruditu zaio: «Whatsapp taldera cielo hitza idazten zuen bakoitzean, guk, momentuan genuen zeruaren argazkia bidali behar genion. Bizi izan dugun egoeran, gainera, guztiok animoz baxu eta gogogabe geundela, oso dibertigarria izan da». Tailerra motibagarri izatea lortu duela kontatu du Izagirrek: «Egun batean agian bi aldiz jasotzen genuen mezua, eta gero agian bi egunetan ez genuen mezurik», dio.

Aldiz, lurrari argazkiak ere atera behar izan dizkiote. Kasu honetan, eskertuak izan behar eta eskertu ez zieten momentuetan atera behar zituzten argazkiak. «Niri gehiago kostatu zait. Gehiago pentsatu behar genuen», esan du Izagirrek.

Zalantzarik gabe berriz emango luke izena tailerrean: «Asko disfrutatu eta ikasi dut. Eta zerbait ezberdina egiteko eta beste gauza batzuetan erreparatzeko balio izan dit; ez dadila bakarrik izan birusa eta pandemia».

«Asko gustatu zait eta asko disfrutatu dut», azpimarratu du, eta «sormenari leku bat uztea oso aberasgarria egin zait, eta niretzat dena ona izan da».

Bukatzeko, Royoren lana goraipatu nahi izan du. Gaiak bidaltzeaz gain, dokumentazio pila bat pasa diela azpimarratu du: artikuluak, pelikulak, liburuak, berak idatzita testuak,... «Oso lan osatua izan da», azaltzen du: «Gozamen bat izan da». Eta Royori eskertu egin nahi dio egin duen lan guztia, eta «idazle moduan deskubritu dut, oso ondo idazten du».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!