Krosaren ondoren, festa gosea asetzera

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko urr. 13a, 12:53
San Esteban auzoko jaien artxiboko irudia

Ttontor kultur elkarteak antolatuta, XXXIII. Kultur Astea ospatzen ari dira San Esteban auzoan; igandera bitarte, askotariko egitaraua prestatu dute.

 

Azken urteetan, geroz eta gehiago dira Tolosan festak antolatzen dituzten auzoak. San Estebanen, ordea, hiru hamarkada baino gehiago daramatzate auzoa girotzen, eta beraz, zentzu honetan, beteranoenetakoak direla esan daiteke. Pasa den igandeaz geroztik, XXXIII. Kultur Astea ospatzen ari dira, era guztietako ekitaldiekin. Zelatunera egindako mendi ibilaldiarekin eman zioten hasiera aurtengo edizioari. Atzo, berriz, Tolosako Herri Krosaren abiapuntu eta helmuga izan zen auzoa bera.

Hala ere, bihartik aurrera, jai giro handiagoa izango da bertan. Arratsaldeko pintxo-potean ongietorria egingo diote Estebaniari, auzoko erraldoiari. «Gurea landa auzoa ere badenez, emakume baserritarrak omentzen dituen pertsonaia da», azaldu du Oihana Santxez Ttonttor kultur elkarteko kideak.

Ostiralean, klasikoetan klasikoena den patata tortilla lehiaketa egingo dute, eta iluntzean, umoreari egingo diote tokia. Larunbatean, batez ere, haurrentzako moduko ekitaldiak prestatu dituzte. Gauean, Distopia elektrotxarangaren emanaldiaz gozatzeko aukera izango da. «Auzotar gazteei egitarauan esku hartzen utzi diegu, kultur astearen dinamikan sartzen joan daitezen, eta euren ideia izan da talde hau gonbidatzea».

Azkenik, igandea, musikaz alaitutako eguna izango da, eta aurtengo berrikuntza nagusia ere egun horretarako prestatu dute. Igande eguerdian, zuhaitz bat landatuko dute parkean, hildako auzotarren omenez. «Haritz bat landatuko dugu, auzoarentzat memoriarako gordeta geratuko dena».

Arestian aipatutako gazteen ekimenarekin «oso pozik» agertu da Santxez. «Nik 33 urteak bizi izan ditut hemen, eta oraindik lotura estua dut auzoarekin. Larunbat gauekoa, beraz, inflexio-puntua izan daiteke. Hala ere, antolakuntzari dagokionez, belaunaldi aldaketa oraindik gertatzeke dagoela adierazi du.

EGITARAUA

Urriak 14, osteguna

  • 19:00. Pintxo-potea Hiru-Aldeta tabernan eta auzo elkartean.
  • Ordu berean. Estebania erraldoiari ongietorria auzoko txarangak alaituta.

    Urriak 15, ostirala

  • 19:00. XVIII. Patata Tortila Lehiaketa.
  • 22:00. Detritus Teatrus antzerki konpainiaren eskutik, Levantate y mea de pie antzezlana.

    Urriak 16, larunbata

  • 11:00-18:30. Tolobolei elkarteak antolatuta, III. 2x2 Bolei Txapelketa, Ferialekuan.
  • 17:00. Haur jolasak eta tailerra, BOX-a elkartekoen eskutik.
  • 18:00. Buruhandiak eta entzierroa zezen txikiekin.
  • 18:30. Txokolate edatea.
  • 22:00. Distopia.

    Urriak 17, igandea

  • 09:00. Tolosako Udal Txistulari Bandaren diana.
  • 10:00. Trikitilarien kalejira, auzoko baserrietatik.
  • 11:00-12:00. III. 2x2 Bolei Txapelketako finalerdiak eta finala.
  • 11:00. Radio Controleko autoen erakustaldia Ttorreko aparkalekuan.
  • 11:30. Hildako auzotarren aldeko zuhaitz landaketa parkean, auzoko txarangak alaituta.
  • 22:00. Auzoko babarrun jatea.
  • Ondoren. Dantzaldia eta karaokea, Joxe Jabier Mendizabalen eskutik.
  • Atsedenaldian. Toka txapelketa.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!